Komunikazioaren sektorearen hur-hurreko eraldaketak sortzen dituen aukerak eta arriskuak izango dira aztertuko diren puntu estrategikoetako batzuk Irungo Ficoban, otsailaren 3tik 5era bitartean egingo den Ablaren hirugarren edizioan. Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra bertan izango da bere standarekin.
Ekimen honen bitartez, Eikenek ezagutza partekatzeaz gainera, bere bazkideen eta euskal ikus-entzunezkoen sektore osoa hurbildu nahi du sortzen ari den komunikazio errealitate berri horretara, oraindik ere zehaztu gabe dagoena. Digitalizazioa, negozio eredu berriak eta kontzentrazio prozesuen inpaktua dira sektorearen hurbileko etorkizuna markatuko duten faktoreak eta Klusterrarentzat, zalantzarik gabe, lankidetzan aurre egin beharreko erronka saihestezinak dira.
Zentzu horretan, Eikenek bertaratuko direnen esku jarriko ditu hainbat ikus-entzunezko baliabide eta material bere standean, baita bilera gune bat ere enpresek beren kudeaketa komertzialak egiteko aukera izan dezaten. Xedea euskal ikus-entzunezkoen sektore osoan ezagutza kudeatzea da, baina, horretaz gainera, enpresei bermatu nahi zaie merkatura sartzeko bidea, baita “ikus-entzunezko berrirantz” doan trantsizioa erraztu ere, betiere, eredu tradizionala arriskuan jarri gabe.

Era berean, Eiken Abla Azokan izango duen presentziaz baliatuko da ikus-entzunezkoen enpresek Publizitate sektorearekin dituzten harremanak indar ditzaten. Testuinguru horretan, Klusterrak, Biltzarrak irauten duen hiru egunean, harreman zuzena bultzatu nahi du bi kolektiboen artean, batetik, egungo erronkak bistaratu daitezen eta bestetik, lankidetza eraginkorrago bat sortzeko oinarriak jar daitezen, ikus-entzunezko komunikazio panorama berriaren barruan.
Klusterreko enpresak
Eikenez gainera, Klusterreko bazkide diren hainbat enpresa Ablan izango dira. Zentzu horretan, Sugar Factoryk Irungo esparrura eramango du set birtualeko maketa bat, VSN Freemove teknologiari esker kalitate handiko emaitzak eskaintzen dituena – zabaltasunik handiena ahalik eta gunerik txikienean - kostu ekonomiko oso egokian. Sugar Factoryk tresna horren frogapen bat egingo du “Exhibition Corner” izenekoan, otsailaren 3an, 11:30ean.
Bestalde, Digitalak enpresak bere 360º-ko kamerarekin egindako zenbait grabazio proiektatzeko asmoa du. Gainera, azokak irauten duen egunetako batean, Digitalak grabazio bat egingo du “in situ”, ondoren Ablan bertan proiektatzeko. Era berean, Gizer.net konpainiak bere standa izango du Ablan, non bertaratzen direnei haren produktuaren demo bat eskura jarriko zaien.
Azkenik, Jarkatza konpainiak satelite bidezko Interneteko konexio-jaurtigailua aurkezteko du, penintsulako zeinahi puntutatik sartzen uzten duena, telefono azpiegituraren eskuragarritasuna edozein dela ere. Horretarako, Jarkatzak garatu duen sistemak ASTRA eta Hispasat sateliteen sarea erabiltzen du.
Orobat, Ablan aurreikusi diren jardueren artean, horrenbeste espero den Mark Earls marketingeko adituaren esku hartzeaz gainera (HERDmeister gisa ezaguna Interneten eta gizarte sareetan), zenbait hitzaldi emango dira honako gai hauen gainean: ikus-entzunezko panorama, Interneten eragina eta gero eta handiagoa den tresna elkarraregileen erabilera.
Data:2010/01/14 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.