“Vaya Semanita” saioko Euskolegas ospetsuen istorioek berezko formatua izango dute aurrerantzean, 12 atalek osatutako telesailean. Pausokak (Eikeneko kidea) uda honetan grabatuko du telesaila, EiTBk (Eikeneko kidea) Miramonen dituen estudioetan.
Pausoka ekoizpen etxea "Euskolegas" grabatzen hasi da; ETB-2ko komedia berria. Telesaila ETB-2k ostegunetan ematen duen “Vaya Semanita” umorezko saioko pertsonaia ezagunetan oinarritzen da. Tarte horrek izan duen arrakastari esker, 45 minutuko 12 atalez osaturiko telesaila egin da pertsonaien istorioekin.
Telesaila eguneroko bizitzan oinarritzen da, hau da, ikus-entzuleentzat arruntak diren egoeratan, esate baterako: etxebizitza bat topatzeko arazoak, bikoteen arazoak edo helduaroko krisiak. Lehen atalean Alex eta Leire ezkonduko dira, denak daude ospakizun horren zain, baina zoritxarrez, gauzak ez dira protagonistek nahi bezain ongi aterako.
"Euskolegas" telesaileko protagonistak honako hauek izango dira: Andoni Aguirregomezkorta, Iker Galarza, Javier Antón, Laura de la Calle, Arantxa Aranguren, Verónica Moral eta Nayra Navarro. Horrez gain, Ramon Barea Euskal Telebistara itzuliko da 18 urte kanpoan egon ondoren, eta Patxiren osabaren papera egingo du. Santi, saltsero xarmangarria, eroso bizi da emazte eta alabarekin batera; bere bizitza, ordea, errotik aldatuko da emazteak dibortzioa eskatzean.
Data:2008/07/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.