Barton Filmsek (Eikeneko kidea) “Jirafas” eta “Peregrinos” filmak banatzeko eskubideak lortu ditu. Batere antzik ez duten film interesgarri hauek zinema aretoetan ikusi ahal izango dira, abuztuaren 8tik aurrera.
“Jirafas” Tzahi Grad israeldar zuzendariak eginiko lehen film luzea da (Barton Filmsek zuzendari beraren “Mal Gesto” banatu zuen), eta “Peregrinos”, berriz, Coline Serrau-ren komedia korala da.
‘Jirafas’ film luzeak hiri handi bateko eraikin bereanbizi diren hiru emakume gazteren istorioa kontatzen digu. Filma protagonisten patuek osatutako puzzle moduko bat da, puskak elkartzean alegiazko errealitate bat sortzen da, agerikoa baino gehiago dena eta hainbat irakurketa egiteko bidea zabaltzen duena. Alegia, bizitza bera bezala.
Bestalde, ‘Peregrinos’ filmak ama hil ondoren familia batek izango dituen gorabeherak kontatzen dizkigu. Bi anaiak eta arrebak jakingo dute herentzia kobratzeko oinez egin beharko dutela Puy-en-Velaytik Santiagora doan bidea. Okerrena da elkarri gorrotatzen diotela eta ibiltzea ere gorrotatzen dutela. Halere, dirua nahi dute, beraz, bidea egiten hasiko dira. ‘Peregrinos’ iparraldean banatuko du Barton Filmsek Badiri banatzailearekin izenpetutako akordioa betez.
Data:2008/07/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.