Meryl Streepek eta Antonio Banderasek jasoko dute Zinemaldiko Donostia saria.
Meryl Streep aktore estatubatuarrak eta Antonio Banderas aktore espainiarrak jasoko dute Zinemaldiko Donostia saria, irailaren 5ean 56. Zinemaldia aurkezteko , izan zen prentsaurrekoan jakinarazi zutenez.
Meryl Streep emakumezko aktore garaikide onena dela esan da askotan. Aparteko ibilbidea egin du, eta talentu handia dauka zinemarako eta antzerkirako, komediarako eta dramarako, musikalerako eta narraziorako, dokumentaletan zein haurrentzako ipuinetan.
Oscar sarirako Historia osoan hautagaitza gehien izan dituen emakumea da (14), baita Urrezko Globoetarako ere, guztira (21). Hollywoodeko Akademiren bi sari irabazi ditu, Kramer vs. Kramer (Robert Benton, 1979) eta Sophie’s Choice (Alan J. Pakula, 1982) filmengatik, eta sei Urrezko Globo bi film horiengatik, The French Lieutenant’s Woman (Karel Reisz, 1981), Adaptation(Spike Jonze, 2002) eta The Devil Wears Prada (David Frankel, 2006) filmengatik eta Angels in America (Mike Nichols, 2003) telesail motzagatik. Horiek guztiak bere aldakortasunaren eta ibilbidearen intentsitatearen adierazle gutxi batzuk baino ez dira. Meryl Streepek irailaren 26an jasoko du Donostia saria, Kursaal jauregian.
Antonio Banderas nazioarteko izar handietako bat da, aktore espainiarren hurrengo belaunaldiari mundu osorako ateak ireki dizkiona. Pedro Almódovarren Laberinto de pasiones filmean 1982an lehenbizikoz agertu zenetik Donostia Zinemaldiaren 56. edizioa inauguratuko duen The Other Man filmera arte, 70 pelikula ingurutan erakutsi du bere aldakortasuna Hollywooden bizi den Malagako aktore honek. Lehenengo Espainian eta ondoren Ameriketako Estatu Batuetan izan zuen arrakasta. Gainera, hainbat herrialdetan egin du lan, baita antzerki musikalean ere. Bestalde, bi film ere zuzendu ditu: Crazy in Alabama (1999) eta El camino de los ingleses (2006). Antonio Banderasek irailaren 19an jasoko du Donostia saria Kursaal jauregian.
Data:2008/09/08 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.