BERRIAK

MIPCOM 08

Euskal ikus-entzunezkoak sendotu egin du bere presentzia Cannesko MIPCOMen, izan ere, 16 enpresa izango dira bertan, Basque Audiovisual-en elkartuta.

                          

Guztira, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko 16 enpresak hartuko dute parte, berrogeita hamar profesional inguruk ordezkatuta, urriaren 13tik 17ra bitartean Cannesen (Frantzia) izango den MIPCOM azokan –edukien munduko merkaturik handiena-, berriro ere Basque Audiovisual marka bateratuarekin.  Produktuen katalogoaren barruan, Euskadin produzitutako formatu berri eta arrakastatsuenetako batzuk daude, bai entretenimenduko programei dagokienez, zein dokumentalei, animazioko programei, etab.

Duela hamarkada batzuetatik hona Ikus-entzunezkoen Sektoreko Euskadiko enpresak nazioarteko merkatu eta azoka nagusietan etengabe egon diren arren, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere egitekoa indartzeko asmoa bere gain hartu zuen, Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen partaidetza bateratua ahalbidetuz, Basque Audiovisual izenarekin. Dagoeneko nazioarteko zenbait ekitalditan egon ondoren, marka hau finkatu egin da eta onarpen zabala dauka Euskadin egiten den ikus-entzunezkoen produktuaren nortasun-ikur gisa; era berean, sektorerako helburu komunak lortzeko bidean, enpresen lankidetza-gaitasunaren erakusgarri ere bada.

2007ko edizioan Estatu espainoleko 245 enpresak hartu zuten parte Cannesko MIPCOM azokan. Horietatik, Basque Audiovisualek %7 osatu zuen, hau da, enpresa kopurua aintzat hartuta, hirugarrena izan zen, Madril eta Bartzelonaren atzetik. Bilbao eta Donostiako Film Commission-ez gain, 16 enpresa daude inplikatuta proiektuan; hori horrela, Basque Audiovisual-ek sendotu egin du sektoreko azokarik garrantzitsuenetakoan daukan presentzia. Hona hemen Cannesera joango diren enpresak: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Digitalak, Expressive, Flying Apple, Irusoin, Jarkatza, K2000, MediaBost, Pausoka, Mixer, Signo Digital, Somuga, Western eta EiTB.

Hain zuzen ere, MIPCOM 08 ikus-entzunezkoen industria estatalaren berrikuntzan eta modernotasunean zentratuko da aurten, “Focus on Spain” delakoaren bitartez. Horren haritik, Estatuan egiten den produktuari buruzko ekitaldiak eta hitzaldiak antolatuko dira.

Basque Audiovisual markak, gainera, on line merkataritza-katalogoa dauka Internet bidez (www.basqueaudiovisual.com); izan ere, joan zen urtean ikusi ahal izan zen tresna eraginkorra zela, batetik, aurretiazko kontaktuak ezartzeko, eta, bestetik, azokan lan-topaketak zehazteko balizko bezero eta kolaboratzaileekin.

Hain zuzen ere, hil honetan promozio-kanpaina bat jarri da abian Internet bidez; izan ere, aurkezpen-mailing bat egingo zaie mundu guztian ikus-entzunezkoen sektorearekin zuzenean erlazionatuta dauden kontaktuei. Hori horrela, Basque Audiovisualen on line katalogorako sarbidea erraztu nahi da, bertan baitaude enpresa guztiak eta beraien lanen kontakturako datuak eta aurkezpenak. 

PROIEKTUA

Basque Audiovisual proiektuaren jatorria 2006an dago. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan, Eiken harremanetan jarri zen ICEXekin, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreak azokan izango duen partaidetza pertsonalizatuko eredua definitzeko. Klusterraren helburua zen ikus-entzunezkoen sektorearekin erlazionatutako enpresa, erakunde eta organizazio ugariren presentzia ahalbidetzea MIPCOM azokan. Horrela, euren produktuak erakutsi eta kontaktu interesgarriak egin ahal izango zituzten, eta, era berean, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektorearen irudia sendotu egingo zen, Cannesen marka eta espazio propio eta bereizia izanda.

Basque Audiovisualen aurkezpena, Euskadiko ikus-entzunezkoen industriak nazioartean izango duen marka legez, Cannesen izandako aurreko MIPCOM azokan egin zen. Enpresek balantze positiboa egin zuten; izan ere, merkataritza-akordioak itxi zituzten eta balio handiko kontaktuak egin zituzten beraien produktuak sustatzeko eta nazioartean zabaltzeko. Hortik aurrera, Basque Audiovisualek MIPTV 08 azokan parte hartu du, eta, joan den ekainean, genero dokumentalari buruzko nazioarteko azokarik handienetakoa den Sunny side of the Doc delakoan parte hartu zuen. 
 

ZENBAKITAN

MIPCOMen aurreko edizioan 105 herrialdetako 4.585 enpresak hartu zuten parte, eta, guztira, 5.000 milioi euroko transakzio komertzialak egin ziren. Aurtengo edizioan, Espainia da ohorezko herrialdea, eta, horri esker, enpresa eta eduki estatalak protagonista izango dituzten ekitaldiak eta hitzaldiak egin ahal izango dira.

Data:2008/09/15 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa