Estatuan ekoitzitako hiru film lehiatuko dira 56. Zinemaldiaren Sail Ofizialean.
Espainiako zinemak hiru film aurkeztuko ditu Zinemaldiaren sail ofizialean eta beste hiru Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean. Horrez gain, Euskal Zinemaren Egunean, Gorka Merchan zuzendariak eginiko La casa de mi padre lehen film luzea estreinatuko da.
Sail Ofizialean Javier Fesseren Camino, Belen Maciasen El patio de mi cárcel eta Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza filmak lehiatuko dira. Halaber, Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean honako hiru film hauek ikusi ahal izango dira: Gabriel Velazquezen Amateurs, Daniel Hernandezen Chicos normales eta Santiago Zannouren El truco del manco. Hiru film horiek eta El patio de mi cárcel izango dira Altadis Zuzendari Berriak saria irabazteko hautagaiak. Saria 90.000 eurokoa da.
Estatuan ekoitzitako beste bost film luze hauek ere egongo dira Zinemaldian: Daniel Burmanen El nido vacío (Argentina-Espainia-Frantzia), Sail Ofizialean lehiatuko dena; Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona (Espainia-AEB), Zabaltegiko Perlak sailari hasiera emango diona; Andrea Martinez Crowtherena Cosas Insignificantes (Mexiko-Espainia), Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean emango dutena; eta, Horizontes Latinos sailean lehiatuko diren Federico Veirojen Acné (Uruguai-Argentina-Mexiko-Espainia) eta Christian Povedaren La vida loca (Espainia-Frantzia-Mexiko).
Inaugurazio eguna
Donostiako 56. Zinemaldia bihar hasiko da, berrikuntza eta ezusteko ugariekin. Hasteko, aurtengo alfonbra gorria fuksia izango da; Zinemaldiaren irudian nagusi den kolorea. Zurriolatik Kursaalera zabalduko den 90 metroko alfonbraren gainean ibiliko diren lehenengoak Antonio Banderas eta Richard Eyre izango dira, The Other Man inaugurazio filmeko taldearekin batera. Horiez gain, Javier Bardem, Rebecca May eta Woody Allen ikusi ahal izango ditugu. Azkenekoak Vicky Cristina Barcelona filma aurkeztuko du Victoria Eugenian; emanaldia 21:30ean hasiko da.
Zinemaldiak iraungo duen hamar egunetan, pertsonaia ospetsu asko etorriko dira Donostiara: Meryl Streep eta Antonio Banderas (Donostia Sariak), Jonathan Demme, Michael Ballhaus, Martina Gusman, Masato Harada, Nadine Labaki, Clare Peploe eta Leonor Watling (Epaimahai Ofiziala), Joan Chen, Mirtha Ibarra eta Amos Gitai (Zuzendari Berriak, Horizontes eta Eskolak saietako epaimahaien lehendakariak), Ben Stiller eta Robert Downey jr. (Tropic Thunder, Sail Ofiziala), David Thewlis, Vera Farmiga, Mark Herman, David Heyman eta John Boyne (The Boy in the Stripped Pyjamas, Sail Ofiziala), Colin Firth eta Michael Winterbottom (Genova, Sail Ofiziala), Paul Thomas Anderson ( Fipresci Sari Nagusia), John Malkovich (Burn After Reading, Perlak), Louis Garrel eta Chistophe Honoré (La belle personne, Sail Ofiziala),Nelson Pereira dos Santos (FIAF Saria), Mario Monicelli (atzera begirakoa), Terence Davies (atzera begirakoa), Kiyoshi Kurosawa (Zabaltegiko Perlak eta Japonia Beltzean atzera begirakoa).
Zinema eskolak
Era berean, Zinemaldian Zinema Eskolen VII. Nazioarteko Topaketak egingo dira, irailaren 25ean eta 26an, osteguna eta ostirala hurrenez hurren. Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak (Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) antolatutako topaketaren bidez, ikus-entzunezkoei lotutako esperientziak eta ikaskuntzak trukatu nahi dira, munduko zinemaldi garrantzitsuenetariko baten testuinguruan. Gazteek beren film laburrak erakusteko aukera izango dute, eta horrekin batera, ikus-entzunezkoen arloko berrikuntza teknologiko nagusiak ezagutuko dituzte.
Data:2008/09/23 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.