
Yesim Ustaogluren “Pandora's box” filmak lortu du 56. Zinemaldiaren Urrezko Maskorra.
Bi ordutan turkiar senide bateko belaunaldien artean dagoen alde izugarria agerian uzten duen filmak lortu du aurtengo sari nagusia. Sail Ofizialeko epaimahaiaren lehendakaria Jonathan Demme estatubatuar zuzendariak eman zuen sariaren berri. Demmek ekoizpen lanetako kalitatea azpimarratu zuen; izan ere, saria eskuratzeko 15 hautagairen artean “epaimahaiaren gustuko filmak askoz gehiago ziren banatu zitezkeen sariak baino”.
“El nido vacío” batera ekoitzitako lanari esker —palmaresean zegoen estatuko film bakarra— aktore protagonista onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Óscar Martínezek. Hugo Colacek, berriz, argazkigintza onenaren saria lortu zuen film berean eginiko lanagatik. Filmak idazle arrakastatsu baten adin ertaineko krisia kontatzen digu.
Espainiako filmei dagokienez, Sail Ofizialeko palmaresetik kanpo geratu ziren “Camino”, Javier Fesserren ikuspegi bitxiaren bidez Opus Dei erakusten duen filma, “Tiro en la cabeza”, Jaime Rosalesen lan eztabaidatua eta “El patio de mi cárcel” Belen Macíasena. Dena den, Rosalesek, “La soledad” filma zuenak, palmares ofizialetik kanpo nazioarteko kritikak emandako Fripesci saria jaso zuen bere filmari esker.
Zuzendari onenaren saria Michael Winterbottomek lortu zuen “Genova” filmarekin. Beste behin, senide baten krisialdia kontatzen digu zuzendariak; oraingoan, ordea, istorioa Italiako hiri horretan kokatzen. Emakumezko aktore onenaren saria bi emakumek eraman zuten Courtney Hunt gaztearen “Frozen river”-ren protagonista Melissa Leo estatubatuar aktoreak eta Tsilla Chelton frantziar aktore beteranoak “Pandora´s box” filmean eginiko lanagatik. Kritikariek Carmen Elías (Camino) eta Verónica Echegui (El patio de mi cárcel) espainiar aktoreek eginiko lana nabarmendu zuten.
Gidoi onenaren saria “Louise-Michel” komedia beltza idatzi eta zuzendu duten Benoit Delepinek eta Gustave Kervernek jaso zuten. Bestalde, Samira Makhmalbafaren “El caballo de dos piernas” iraniar filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen.
Data:2008/09/30 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.