Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko eta Donostiako udalek Ikus-entzunezkoaren nazioartekotzea babesten dute, SPRIren, Kultura Sailaren eta Film Commission direlakoen bitartez MIPCOMen izango duten presentziarekin.
Cannesko MIPCOMek, edukien merkaturik garrantzitsuenetakoak, ehunka enpresa bilduko ditu urriaren 13tik 17ra arte. Izan ere, enpresa horiek beren proiekturik berrienak aurkeztuko dizkiete mundu guztiko produkzio-etxe eta telebistei. Oraingo honetan, Espainia da herrialde gonbidatua, eta, “Focus on Spain” delakoan izango diren konpainien artean, Euskadiko 16 enpresa biltzen dituen Basque Audiovisual ere izango da.
Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko eta Donostiako udalek Euskadiko Ikus-entzunezkoaren nazioartekotzea babestuko dute, SPRI eta bi hirietan lan egiten duten Film Commission direlakoen bitartez MIPCOM 08 azokan izango duten presentziarekin. Basque Audiovisualek erabilera esklusiborako eremu bat dauka Riviera Hallen, bere produktuak ezagutarazteko erakusketa-gune batekin, bai eta merkataritza-akordioak sorraraz ditzaketen bilerak egiteko eremu bat ere. MIPCOM 08 azokan parte hartzen duten enpresak hauek dira: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Expressive, Flying Apple, Irusoin, Jarkatza, K2000, MediaBost, Pausoka, Mixer, Signo Digital, Somuga, Tentazioa, Western eta EiTB.
MIPCOMen aurreko edizioan 105 herrialdetako 4.585 enpresak hartu zuten parte, eta, guztira, 5.000 milioi euroko transakzio komertzialak egin ziren. Duela hamarkada batzuetatik hona Ikus-entzunezkoen Sektoreko Euskadiko enpresak nazioarteko merkatu eta azoka nagusietan etengabe egon diren arren, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere gain hartu zuen bere egitekoa indartzeko asmoa, Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen partaidetza bateratua ahalbidetuz, Basque Audiovisual izenarekin. Dagoeneko nazioarteko zenbait ekitalditan egon ondoren, marka hau finkatu egin da eta onarpen zabala dauka Euskadin egiten den ikus-entzunezkoen produktuaren nortasun-ikur gisa; era berean, sektorerako helburu komunak lortzeko bidean, enpresen lankidetza-gaitasunaren erakusgarri ere bada.
2007an Estatu espainoleko 245 enpresak hartu zuten parte Cannesko MIPCOM azokan. Horietatik, Basque Audiovisualek %7 osatu zuen, hau da, enpresa kopurua aintzat hartuta, hirugarrena izan zen, Madril eta Bartzelonaren atzetik. Bilbao eta Donostiako Film Comission direlakoez gain, 16 enpresa daude inplikatuta proiektuan; hori horrela, Basque Audiovisualek sendotu egin du sektoreko azokarik garrantzitsuenetakoan daukan presentzia.
Basque Audiovisual markak, gainera, on line merkataritza-katalogoa dauka Internet bidez (www.basqueaudiovisual.com); izan ere, joan zen urtean ikusi ahal izan zen tresna eraginkorra zela, batetik, aurretiazko kontaktuak ezartzeko, eta, bestetik, azokan lan-topaketak zehazteko balizko bezero eta kolaboratzaileekin.
Data:2008/10/13 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.