BERRIAK

EIKENek parte hartuko du ikus-entzunezkoen sektoreko prestakuntzaren egoera aztertzeko Zinebik antolatutako Zinema Eskolen topaketan

Juan Mari Gurrutxaga EIKENeko presidenteak eta Jorge Arévalo irakasle eta Lanbide Heziketako sailburuorde ohiak ikerketa lan honen ondorioak aurkeztuko dituzte ostiral honetan (urriaren 31). Jorge Arévalok, hain zuzen, ikus-entzunezkoen sektorean dauden prestakuntza premiei buruzko azterlana egin du, Klusterrarekin lankidetzan.

Urriaren 31tik azaroaren 10era bitarte, Bizkaiko zinema eskolak ZINEBI GUNEAn bilduko dira, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko prestakuntzaren egoera aztertzeko, eta bertako ikasleen ekoizpen lan onenak aurkezteko.

Juan Mari Gurrutxaga EIKENeko presidenteak inaugurazio ekitaldian parte hartuko du, Jorge Arévalo irakasle eta ikerlan zein prestakuntza planetan adituarekin batera. Biek ere “Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko gaitasun eta prestakuntza premiei buruzko azterlanaren” edukiak eta ondorio nagusiak aurkeztuko dituzte. 2007. urtean EIKENen ekimenez egindako azterlana da, hain justu. Enpresek zuzenean hartu dute parte azterlanean, eta Hobetuzek, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak, bere onarpena eman dio.

EIKENek sustatuko azterlanak Sektoreari buruzko diagnostikoa ematen du, eta horretan diharduten profesionalek izan beharreko gaitasunak eta ezagutzak zehazten ditu. Baina horretaz gainera, profil profesional horiek lortzeko beharrezkoa den prestakuntzaren berri ematen du, zehatz-mehatz; eta horixe da azterlanak dakarren berrikuntza. Horretarako, Lanbide Heziketa Arautua aipatzen du batik bat, eta baita Etengabeko Prestakuntza eta Lanerako Prestakuntza ere (Enplegurako Prestakuntza).

Bilboko zinema eskolek (KINEMA, IMVAL, CLARO DE LUNA eta ARTEBI), Erandio-Tartangako GLHIk eta EHUko Arte Ederren eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateek hartuko dute parte topaketa hauetan. Mahai inguru baten ondoren, ikasleek egindako film labur batzuk eskainiko dituzte.

Inaugurazio ekitaldian, halaber, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Zinegotzi Ordezkariak eta Luis Eguiraun ZINEBIko koordinatzaileak ere parte hartuko dute. Ekitaldi horixe izango da goizez egingo den bakarra; gainerako jardunaldietako emanaldi eta topaketa guztiak, aldiz, arratsaldez izango dira: 20:00etatik aurrera, ZINEBI GUNEAn.

Egunero zazpi eskola edo fakultateetako bat arduratuko da bere film laburrak eskaintzeaz. (Ostiralean, urriak 31: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea; astelehenean, azaroak 3: EHUko Arte Ederren Fakultatea; asteartean, azaroak 4: Erandio-Tartangako GLHI; asteazkenean, azaroak 5: ARTEBI; ostegunean, azaroak 6: CLARO DE LUNA; ostiralean, azaroak 7: IMVAL; eta astelehenean, azaroak 10: KINEMA). Emanaldi hauek guztiak doakoak izango dira.

Data:2008/10/30 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa