BERRIAK

'Zorion Perfektua’ filmaren filmatze lanak

Pausokak ekoitzitako film luzeak filmatze lanetarako ateak zabaldu dizkie hedabideei.

 

Hurrengo zinemaldian estreinatuko da, ziur asko, filma. Anjel Lertxundik idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da; euskarazko eleberri irakurrienetakoa da, inondik ere. Pausokak ekoitzi du egitasmoa, EiTBren laguntzarekin, eta Barton Filmsek banatuko du (hirurak EIKENen bazkideak).

                                                          

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza “Zorion perfektua” lanaren eszenatoki bilakatu zen aurreko ostegunean (urriak 30). Jabi Elortegik zuzendutako filma da; aktore nagusia, aldiz, Ane Igartiburu. Film luze bateko protagonista lanak egiten dituen lehenengo aldia du Igartiburuk. Hedabideek filmatze lanetan bertan egoteko aukera izan zuten; hain zuzen ere, Donostian, Zarautzen, Getarian eta Bartzelonan egingo dute filmatze lan hori, azaroaren 25era bitarte.

Anjel Lertxundik berak osatutako gidoia dago oinarrian, eta gertakizunak bi une historiko bereizten ditu. Batetik, 1987. urtea; eta bestetik, oraingo urte hau: 2008a. Ainhoa, 16 urteko neskatila, kostaldeko herrixka batean ETAk egindako atentatuaren lekuko izan zen. Dena gertatu zen arrapaladan. Gizon bat lurrera erori zen; beste batek korrika egin zuen ihes; inguru guztia geratu zen odolez blai; urrunean sirena hotsak entzun ziren; jendea hurbiltzen hasi zen; prentsa argazkilari bat agertu zen…

Ia hamarkada bat geroago, Bartzelonan bizi den 35 urteko piano jotzailea da hasierako neskatila hura. Porrot egin duten hainbat maitasun harremanen ondoren, Imanol ezagutu du: neskaren bizitzaz den-dena dakien guardia pribatua da; nerabezarotik ezkutatzea lortu duen sekretua ere ezagutzen du mutilak. Bien bizitzak iraganean batu ziren, eta baita gaur egun ere.

Anne Igartiburuk beteko du Ainhoa heldu horren rola, eta ostegunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eszenatokira igo zen, Donostian filmatzen ari diren eszena bat grabatzeko. Era berean, Jabi Elortegik ere estreinaldia izango du film honetan. Goenkale eta beste zenbait telesaio zuzendu ostean, zinemarako jauzia egin du, eta honako aktore hauek hautatu ditu bere lanerako: Aia Kruse, Elena Irureta (‘El Comisario’), Amaia Lizarralde (‘Hospital Central’), Martxelo Rubio eta Ramon Barea.

“Zorion perfektua” lanak EiTBren, Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Pausokaren babesa izan du; azken hori da, hain zuzen, egitasmoaren erantzukizuna daukan ekoizlea. Hainbat zinema aretotan banatzeko lana, berriz, Barton Filmsen bizkar geratuko da. Filma euskaraz grabatzen ari dira, baina gaztelaniara ere bikoiztuko dute.

Data:2008/11/03 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa