BERRIAK

Animabasque-Business II. Animazioko Nazioarteko Merkatua martxoaren 26an egingo da, Euskalduna Jauregian

AnimabasqueBusiness azokaren bigarren edizioa martxoaren 26an egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Azoka hori animazio-edukiei buruzko nazioarteko foroa da, eta bere asmoa Euskadiko enpresek garatzen dituzten animaziozko produktuei babesa ematea da, merkatu berrietara heldu daitezen.

Hitzordu honetan Estatuko eta Estatutik kanpoko profesionalek eta enpresek hartuko dute parte. Hori horrela, antolakuntza harremanetan jarri da nazioartean izen handia duten sektoreko berrogeita hamar bat konpainiarekin, eta, dagoeneko, enpresa batzuek bertan egongo direla adierazi dute: besteak beste, Art Mell (Frantzia), Castelao Productions (Espainia) eta Little Dragon eta Wonky Films enpresa britainiarrek (azken horrek BBCrako eta Channel 4rako animazio-proiektu ugaritan hartu du parte). Gainera, TVE kateko haur sailen arduradunak ere jardunaldian egongo dira.  

                                 

Eikenek eta Barton Filmsek sustatutako ekimen hau Euskadiko Ikus-entzunezkoaren Klusterraren estrategiaren barruan dago; estrategia horrek ekintza integratuak gauzatzeko xedea dauka, merkatu berrietara jotzeko eta euskal enpresak nazioartera zabaldu ahal izateko. Gainera, “AnimaBasque-Business” ekimenak babes instituzional handia dauka. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Edizio honetan, gainera, Ikus-entzunezkoaren Klusterra eta UKTI, Britainia Handiak Bilbon duen Kontsulatuaren sail Komertziala modu berezian aritu izan dira lankidetzan, Euskadiko eta Britainia Handiko enpresen arteko lankidetza ahalbidetzeko asmoz.

Animaziozko edukiak lantzen dituzten Euskadiko enpresen artean, aurten, Dibulitoon, Xperimienta+Kaia, Somuga, Baleuko eta Silverspace enpresek euren proiektuak aurkeztuko dituzte –garapen edo produkzio fasean–. Denek ere ibilbide luzea egin dute animazioaren munduan, eta sari eta izendapen ugari jaso dituzte, ospe handiko ekitaldietan; esate baterako, Goya Sarietan. Era berean, Silverspace enpresa arabarraren “Perpetuum mobile” film laburra aurtengo Oscarretarako aurreaukeratu zuten, animaziozko film laburrik onenaren kategorian.

Informazio gehiago: Prentsa oharra
                               Aurkeztuko diren proiektuen zerrenda
                               Proiektuen inskripzio orria

Data:2009/03/13 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa