BERRIAK

Basque Audiovisualek lehen aldiz parte hartuko du Canneseko Zinemaldiko merkatuan

Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatu du ekintza komertzial hau, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera, zinema ekoizpenean jarduten duten enpresei laguntzeko asmoz.

Fikziozko ekoizpenean eta banaketan jarduten duten zortzi euskal enpresa nagusiek lehen aldiz parte hartuko dute, Basque Audiovisual izenarekin eta bere standarekin, Zinemaldiaren merkatu paraleloan, hau da, Marche du Film de Cannes delakoan, maiatzaren 13tik 22ra bitartean. Merkatuan izango diren enpresak hauek dira: Alokatu, Baleuko, Barton Films, Pausoka, Irusoin, Mixer, MediaBost eta Western Films.

2007ko urrian Ikus-entzunezko Sektoreko euskal enpresa nagusiek Canneseko MIPCOMen parte hartu zutenean –edukien mundu mailako merkaturik handiena–, elkar hartuta lehenengoz Basque Audiovisual marka pean, urrats handia eman zuten sektorearen nazioartekotzeari begira. Izan ere, negozio topagune horretan parte hartzea zen enpresek zuten eskari nagusietako bat merkatu berrietarako sarbidea errazteko.

                              

Ondoren, Basque Audiovisualek bere presentzia sendotu du kanpoko merkatuetan MIPTV (Cannes) eta Sunny Side of the Doc (La Rochelle) merkatuetan izan baita, telebistan eta multimediako edukietan, eta dokumentaletan espezializatutako topaguneak. Datorren maiatzean urrats bat gehiago emango du Basque Audiovisualek, lehenengoz, Canneseko Zinemaldi ospetsuko Marché Du Film delakoan hartuko baitu parte.

Eiken–Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra izango da ekimen horretan aitzindaria Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera. “Ekimen honen bitartez Eikenen Nazioartekotze Planeko helburu nagusiak betetzen ditugu, batetik, euskal Ikus-entzunezko azpisektoreei laguntza eskaintzea Basque Audiovisual markak izan duen arrakastaren ondoren eta bestetik, enpresen nazioartekotzea bultzatzea MIPCOM, MIPTV eta Sunny Side of the Doc merkatuetan”, azaldu du Eikeneko Zuzendari Itziar Menak.

Euskal ekoizpen etxeek Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin partekatuko dute erakusketa gunea, hain zuzen ere MIPTVren azken edizioan abian jarri zen lankidetza. Aurreko aldietan bezala, enpresek beren espazioa izango dute kontaktuak egiteko, baita ingelesez egongo den on-line katalogo bat ere (www.basqueaudiovisual.com) beren zeregin komertziala errazteko.

Data:2009/04/22 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa