BERRIAK

Facebook sarearen bidez blog eta bideoblog onena aukeratzeko europar lehiaketa antolatu du Alianzo enpresak

Alianzo enpresak (Eikenen bazkide) europar blog onena aukeratzeko lehiaketa antolatu du, EiTB taldearen (Eikenen bazkide) eta SPRI elkartearen laguntzarekin. Internautek Facebook sarearen bidez eman dezakete botoa. Euro Blog Award - The Internet Eurovision lehiaketaren finala apirilaren 24an izango da Bilbon egingo den interneti buruzko Nonick foroan

Eurovisión lehiaketa eredu hartuta, blog eta bideoblog lehiaketa antolatu du Alianzo enpresa euskaldunak, edozein europar hizkuntza darabilen web pertsonal onena aukeratzeko. Azken 30 egunetan orria gutxienez behin eguneratu izana da parte-hartzaileek bete behar duten baldintza bakarra. Internautek www.euroblogawards.com web orrian eman diezaiekete botoa blog onenei, baina aurretik Facebook gizarte sarearen bidez identifikatu behar dute beren burua horretarako. 

Blogak eta bideoblogak sortu dituztenek ez dute izenik eman behar lehiaketan; izan ere, Europako 12 herrialdetako adituek osatuko dute epaimahaia eta aditu bakoitzak bilatuko eta aukeratuko du bere hizkuntzan sortutako web onena, eta ondoren titularrekin harremanetan jarriko da informazio osagarria eskuratzeko. 

Finala Bilbon izango da, datorren ostiralean, apirilaren 24an, EiTBko egoitzan egingo den Interneti buruzko nazioarteko Nonick foroan (www.nonickconference.com). Epaimahaikideek Europako hainbat hiriburutatik emango dituzte botoak bideo bidez, eta kategoria bakoitzerako aurrez hautatutako 12 finalisten artetik aukeratuko dituzte blog onena eta bideoblog onena. Datorren ostiralean 12:00etan hasiko da zeremonia eta Internet bidez zuzenean ikusi ahal izango da.

                                 

Epaimahaiko hamabi adituek ingelesez, alemanez, frantsesez, gaztelaniaz, errusieraz, polonieraz, portugesez, turkieraz, ukranieraz eta italieraz sortutako blog eta bideoblog onenak aukeratuko dituzte, baita euskaraz sortutakoak ere, finala Euskadin izango delako. Gainera, Europako Batasuneko beste hizkuntzaren batean idatzitako beste 10 web pertsonal ere aukeratuko dituzte, suedieraz, errumanieraz, katalanez, danieraz edo hungarieraz idatzitakoak, besteak beste.  

Blog onenak aukeratzeko honako hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: blogak bere herrialdean duen garrantzia (sarrera kopuruaren bidez neurtuko dute hori), orrialdearen sormena eta diseinua, feedback maila eta sarean duen antzinatasuna.

Data:2009/04/22 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa