BERRIAK

Apirilaren 30ean, Checkpoint Rock Film dokumentalak emango dio amaiera Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldiari

Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendu dute filma, eta Palestinako egoera erakusten du, bertako musikaren eta artisten bitartez

Apirilaren 30ean amaituko da Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldia (apirilaren 23tik 30era). CHECKPOINT ROCK - Canciones desde Palestina dokumentalak emango dio amaiera.  Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendu dute filma, eta K 2000 euskal produktoreak eta Filmanova Galiziako produktoreak koproduzitu dute, eta ETBk ere parte hartu du. Bestalde, filmak Eusko Jaurlaritzaren eta ICCAren laguntzak jaso ditu.

Munduko estreinaldia apirilaren 30ean izango da, Victoria Eugenia Antzokian, 19:30etan. Geroago, gaueko 22:30etatik aurrera, kontzertua egongo da Gazteszenan (Egia K. E.), eta bertan izango dira dokumentaleko protagonista diren musikarietako batzuk.

CHECKPOINT ROCK Palestinako artisten eskutik gerturatzen da Palestinako musikara. Israelen, Gazan eta Zisjordanian filmatu dute film guztia, eta inguru haietan egindako bidaia erakusten digu. Mundua hara begira egon arren, hango errealitatearen zati txiki bat baino ez dugu ezagutzen. Zer musikak jartzen dio ahotsa eta melodia inguru horri? Zein dira hango musikari esanguratsuenak, eta nola bizi dira? Zer iritzi dute bizi behar duten patuari buruz, eta nola egiten diote hari aurre beren hitzen eta melodien bitartez?

Mutur batean Tel Aviveko publizitate-iragarkiak eta neona; bestean, Zisjordaniako lurralde okupatuetako pobrezia eta etsipena, edota Gazako zerrenda, gaur egun kontzentrazio-eremu erraldoia bilakatu dena. CHECKPOINT ROCKek oso ibilbide berezia egiten du herriz herri, checkpoint batetik bestera, era askotako musikariekin batera. Eta hori guztia, Fermin Muguruzak arretaz begiratzen duela.  DAM rap-taldeko kideetako baten eskutik, hainbat musikarirengana gerturatzen da dokumentala: hain zuzen ere, musika tradizionalaren interpretatzaileengana, hip hop abeslari gazteengana, eta rock-taldeengana. Horiek guztiak lanean jarraitzen ahalegintzen dira, oztopoak oztopo.

                                 

Dokumentala estreinatu ondoren, Fermin Muguruzak, berekin ibili ohi diren musikariek (Jon Elizaldek tronboia joko du, Sorkunek ahotsa jarriko du, eta Zigor Lampre DJ-lanetan arituko da) eta Palestinako hainbat musikarik kontzertua emango dute, Palestinako hotsak Euskadira gerturatzeko asmoz.

Palestinar musikari hauek hartuko dute parte: Amal Murkus (musika tradizionaleko abeslaria); Naseem Dakwer (laute arabiarra eta biolina jotzen ditu);  Habib Aldeek (oud jotzen irakasten du Nablus-ko Unibertsitatean); Suhell Nafar (DAMeko kidea, hau da, Palestinan arabieraz abesten duen lehenengo rap-taldeko kidea); Safaa Arapiyat (Palestinako lehenengo rap-abeslari emakumea); Kher Fauzi (Walla’at musika tradizionalaren taldeko poeta, abeslari eta perkusio-jolea); Ayman (rap-abeslaria).

Donostian estreinatu ostean, Saharako Nazioarteko Zinemaldira bidaiatuko du CHECKPOINT ROCKek, maiatzaren hasieran. Gero, Documenta Madrid-en ere izango da, datorren maiatzaren 8an.

Data:2009/04/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa