Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko kideek apirilaren 29ean bilera izan zuten, Bilboko Merkataritza Ganbarako arduradun gorenekin eta -Washingtongo (AEB) Seattle hiriko DIGIPEN Institute of Technology ospetsuaren sortzaile eta lehendakariarekin-, Claude Comair libanoar enpresaburuarekin, Bilbon bideo jokoen diseinuan eta sorreran espezializatutako formazio zentro bat zabaltzeko asmoa dutenek. Eta, Eikenen aburuz proiektu hori sektoreari begira estrategikoa denez, bi erakundeen arteko lankidetza zehazteko egin zuten bilera, non Juan Luis Laskurain, Ganbarako Zuzendari Orokorra, eta Natxo Otalora, Ikasketa eta Planifikazio Zuzendaria parte hartu zuten, hazkunde nabarmena duen ikus-entzunezkoen arlo horretan profesional kualifikatuak edukitzeko aukera emango baitu proiektu horrek.
Bideo jokoen azpisektorea etengabe handitzen ari den negozio bat da, eta garapenerako ahalmen handia du, “ikus-entzunezkoen negozio berria” deritzonaren barruan; gaur egun, ordea, euskal ikus-entzunezkoen industriaren baitan ez du halako indarrik. Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia dira arlo honetako europar ekoizle nagusiak, eta Espainia, berriz, bideo jokoen banaketan aritzen da, batik bat, nahiz eta denbora-pasarako aukera hauxe den jendartean eskari handienetakoa duena.

Eikenek ikus-entzunezkoen arloko profesionalen formazio beharrei buruzko diagnostikoa egin zuen, orain dela ia bi urte. Azterketa haren helburua zen gaur egungo formazio sistemaren gabeziei antzematea, eta, aldi berean, merkatuak ezartzen dituen premia eta eskari berrien arabera profesionalek zer gaitasun landu beharko lituzketen zehaztea. Bideo jokoen diseinua eta sorrera, hain zuzen ere, formazio espezializaturik gabeko arloa da, hazkunde nabaria duen arren.
Hori dela-eta, Klusterrak eta, zehatzago, Enpresa Kudeaketaren eta Talentuaren Batzorde Estrategikoa osatzen duten enpresek interes handia izan dute, hasiera-hasieratik, DIGIPENen sortzailea buru duen proiektu honekiko. “Lehenik eta behin, adierazi zigun bideo jokoen azpisektorea garatu gabe zegoen toki bat nahi zutela, eta horixe da gure egoera, jarduera honetan ari diren enpresa gutxi baitaude hemen. Aldiz, ikus-entzunezkoen euskal sektorea oso ezaguna da, animazio lanengatik. Hala, bi ezaugarri horiek aldeko izan ditugu, eta itxaropen handia dugu ekimen honetan, lehiakortasunari begira onura ekarriko baitie gure enpresei”, azaldu du Itziar Mena Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendariak.

DIGIPENen historia
Denbora-pasen industriako lider handienen lankidetzarekin –Nintendo eta Microsoften lankidetzarekin, besteak beste– sortu zuen Claude Comairrek DIGIPEN, 1988an, Vancouberren (Kanada). Jatorrian, simulazio eta animazio enpresa bat zen, baina, sortu eta handik bi urtera, langile kualifikatuen premia zegoela ohartuta, 3Dko animazioko formazioa lantzen hasi zen. 1994an, bide jokoen diseinu, programazio eta garapenerako homologatutako munduko lehenengo eskola sortu zuen, eta, aurrerago, Industria Informatiko Interaktiboko lehenengo lizentzia. Handik gutxira, DIGIPEN Institute of Technology zentroa ireki zuten, Seattlen: eskola horrek 900 ikasletik gora ditu, eta, han eskaintzen den formazio espezializatuaren bidez, denbora-pasa interaktibo digitalen azpisektoreko enpresek eskatzen dituzten goren mailako estandarrak betetzeko ezagutzak eta trebetasunak eskuratzen dituzte ikasleek. DIGIPENek beste egoitza bat du Singapurren, eta Bilbon jarriko du Europako egoitza bakarra.
Bilboko Merkataritza Ganbararen prentsa oharra
Data:2009/04/30 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.