BERRIAK

EikenBANK 2008ko irabazle izandako ideian oinarrituta 3Komak ekoitzi duen “Pintxos” saioa maiatzaren 2an estreinatuko dute ETB2n

Datorren larunbatean, maiatzaren 2an, (Eikenen bazkide) "Pintxos" saioa estreinatuko du ETBk bigarren katean. 3 Koma etxeak (Eikenen bazkide) ekoitzi du gastronomiari buruzko saio hau, EikenBANKen lehenengo emanaldiko irabazle Alazne Páramoren proiektua oinarri hartuta.

Euskal Telebistak dena prest du 3Komaren (“El coro de la cárcel, “El calendario del año”…) saio berria, “Pintxos” saioa, estreinatzeko. Hala, larunbatero, pintxo jana egitera gonbidatuko gaituzte, beren taberna kutunak erakutsiko dizkiguten euskaldun ospetsuen laguntzaz. Ideia Alazne Páramo bilbotarrarena da; hain zuzen ere, telebista lehiaketa baterako proiektua (“¡Qué tendrá el pintxo!”) aurkeztu zuen berak EikenBANKen lehenengo emanaldian, eta hautatu egin zuten.

EikenBANK ekimena Klusterreko enpresek bideratzen dute, honako xede nagusi honekin: profesional gisa ari ez diren gazte sortzaileen talentua eta ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak uztartzea, lankidetza horren bidez euskal ikus-entzunezkoen arloan proiektu lehiakorrak sortzeari begira. Ildo horretatik, lehenengo irabazleak aukera izan du 3Koman jarduteko eta bere ideiaren egokitzapenean parte hartzeko; izan ere, jatorrizko ideia lehiaketa baterako zen, eta behin betiko formatua gastronomia saioen esparruko denbora-pasarako formatu gisa plazaratuko dute.

                           

Astero-astero, “Pintxos” saioa kalera aterako da, Euskadiko herri eta hirietako pintxorik bikainenen bila, betiere tradizioa eta berrikuntza uztartuta. Miniaturazko gure sukaldaritzaren sekretu ezkutuak erakutsiko dizkigute, eta aukera izango dugu ahamen bakarrean goza daitezkeen errezeta bikainak ezagutzeko. Hala, saioz saio, Euskadiko pintxorik onenen berri jaso eta, amaierarako, pintxo ibilbide “zaporetsuenen” mapa osatuta izango dugu.

Honako hauek dira lehenengo lau saioetako gonbidatuak: Peio Ruiz Cabestany txirrindularia (Donostiako Alde Zaharreko pintxoak); Toti Martinez de Lezea idazlea (Gasteizko Alde Zaharreko pintxoak); Barricada taldeko gitarrista Alfredo Piedrafita eta haren semea, Iker Piedrafita, Dikers taldeko abeslaria (Iruñeko pintxoak); eta Ion Fiz diseinatzailea (Bilboko Indautxu inguruko pintxoak).

EikenBANK 2009
Hain zuzen ere, apirilaren 30ean amaitu zen EikenBANK programaren bigarren emanaldirako proiektuak aurkezteko epea. Aurten, 50 proiektu aurkeztu dituzte; 2008an, aldiz, 27 izan ziren. Parte-hartzaile gehienak Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak dira, eta orotariko ideiak aurkeztu dituzte: lehiaketak, telebista saioak, film laburrak nahiz luzeak nahiz telesailak. Orain, epaimahaiari dagokio proiekturik onena aukeratu eta ekainean bere erabakiaren berri iragartzea; epaimahaia proiektuaren partaide diren enpresetako kideek osatuko dute (3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka).

Data:2009/04/30 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa