EikenBANK programaren sustatzailea den Eikenek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, proiektuak aurkezteko emandako epea joan den apirilaren 30ean amaitu zen. Epe horretan ikus-entzunezkoen arloan lana egiten ez duten gazte sortzaileek dokumentalak, lehiaketak, filmak, telesailak eta abar egiteko proiektuak aurkezteko aukera izan zuten. Ekimena kudeatzeko erabilitako web orriak 55 idei original jaso ditu, hau da, EikenBANKen lehen aldian aurkeztutakoak bi halako baino gehiago, iaz 27 proiektu aurkeztu baitziren.
Eikenek garatutako ekimen berritzaileenetakoa da EikenBANK. Bere helburu nagusia da profesionalak ez diren gazte sortzaileak Euskal Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresekin harremanetan jartzea, lankidetza horrek produktu berriak eta lehiakorrak eman ditzan.
Urtarrilean martxan jarritako bigarren edizio honek lehenengoaren egitura bera dauka, nahiz eta berrikuntza batzuk egin diren. Proiektua ekoizteaz eta 4.000 euroko saria jasotzeaz gainera, irabazleak beka bat jasoko du zenbateko berarekin, lau hilabetez ekoizpen etxe batean lana egiteko bere ideia garatzen. Hain zuzen, maiatzaren 2an ETB-2k “Pintxos” izeneko saioa estreinatu zuen. 3Koma enpresak ekoitzitako gastronomia saio hori Alazne Paramoren, 2008ko lehiaketaren irabazlearen, ideian oinarritzen da.
Eikenek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, positibotzat jo du bigarren aldi honetan programan izandako parte-hartze handia. “Kontua ez da ideia bat aurkeztea, seriotasunez garatutako proiektu bat baizik; 55 baino gehiago jaso ditugu eta horrek poz handia ematen digu” adierazi zuen Eikeneko zuzendari Itziar Menak. Horren harira, gogoratu zuen programa sektorea dinamizatzeko eta gazte sortzaileak eta enpresak harremanetan jartzeko helburua betetzen ari dela. “Iazko irabazlea ez ezik, finalera iritsi beste ziren biak ere lanean daude gure enpresetan” nabarmendu zuen Klusterraren arduradun nagusiak.
Urteko lehen hiruhilekoan EikenBANKeko arduradunek ia bostehun ikasleren aurrean aurkeztu zuten ekimena prestakuntza zentroetan, zinema eskoletan eta ikus-entzunezkoari lotutako unibertsitate tituluetan. Guztira 55 proiektu aurkeztu dira. Parte-hartzaile gehienak Gipuzkoako eta Bizkaiko gazteak dira, eta, besteak beste, lehiaketak, telebista saioak, film laburrak eta luzeak eta telesailak egiteko ideiak aurkeztu dituzte. Orain 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K 2000, Orio Produkzioak eta Pausokako kideek osatutako epaimahaiaren txanda da. Hilabete inguruan proiektu irabazlea jakinaraziko dute.
EikenBANK zenbakitan
EikenBANKeko bigarren aldi honetan 70 pertsonek sinatutako 55 lan jaso dira, eta 2008an 34 proiektu aurkeztu ziren. Parte-hartzaileen %44 bizkaitarrak dira, %36 gipuzkoarrak, %7 arabarrak eta %13 beste jatorri batekoak. Aurkeztutako 55 proiektuen artetik, gehienek, %25ek, dokumentalak egiteko ideiak proposatzen dituzte. Ondoren, proiektuen %16 film laburrak eta telebista saioak egiteko proposamenak dira, eta, azkenean, telesailak egiteko ideiek %15 hartzen dute. Realityak, magazineak eta film luzeak egiteko proiektu gutxiago aurkeztu dira.
Data:2009/05/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.