3Koma ekoizpen etxearen (Eikenen bazkide) “Pintxos” saioa aukeratu dute, berrogeita hamar proiektutik gorako sorta batetik, Cluster Audiovisual Galego elkarteak (CLAG) profesionalei begira antolatzen duen “I+P Ideas para Producir” pitchingaren bosgarren edizioan aurkezteko; Vigon egingo dute pitchinga, datorren maiatzaren 22an.
CLAG erakundeak urtero antolatzen duen "I+P, Ideas para Producir" pitchingeko adituen batzordeak 19 proiektu aukeratu ditu, deialdi honetara aurkeztutako 50 lanetik gorako eskaintzatik. Dagoeneko hogei bat telebista kateetako eroslek eta ekoizpen eta banaketa etxek baieztatu dute foro horretan izango direla, eta horien aurrean aurkeztu ahal izango du 3Komak (“El coro de la cárcel, “El calendario del año”…) telebistarako bere azken lana, gastronomiari buruzko saioa.
Maiatzaren 22an Vigon egingo den pitching hori gune ezin aproposagoa izango da ekoizpen etxe eta gidoilariek beren proiektuak aurkezteko, Galiziako ikus-entzunezkoen arloko enpresa nagusien aurrean ez ezik, baita estatuko eta Europako beste hainbat tokitako ekoizpen eta banaketa etxeen aurrean ere.
Euskal Telebistaren bigarren kateak maiatzaren 2an estreinatu zuen “Pintxos”, 3Komaren saio berria. Larunbatero pintxo-jana egiteko proposamena dakargu saioak, beren taberna kutunak erakutsiko dizkiguten euskal pertsonaia ospetsuen eskutik. Jatorrizko ideia Alazne Páramo bilbotarrarena da; izan ere, telebista lehiaketarako “¡Qué tendrá el pintxo!” proiektua aurkeztu zuen berak eta Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako EikenBANK programaren lehenengo edizioaren irabazle izan zen.
“Pintxos” saioaren bigarren emanaldirako (maiatzaren 9a), ahalegin berezia egin du 3Komak eta Athleticeko zenbait jokalari gonbidatu ditu; hala, Errege Kopa jokatzera Valentziara bidaiatu aurretik, beren iritzien eta pintxo kutunen berri emango dute saioan.
Erlazionatutako informazioa: EikenBANKeko prentsa oharra
"Pintxos" programaren estreinaldia
Data:2009/05/08 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.