Hezkuntza Iraunkorrerako Interneteko Telebista Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ekimena da, eta 2009ko apirilean jarri zen abian.
WebTB berri honetako protagonistak Euskal Herriko Lanbide Heziketa Ikastetxeetako irakasle eta ikasleak dira. HIRU Telebistaren bidez, ematen dituzten irakasgaiekin lotutako prozesu erabilgarriak erakusten dituzte. Bideo laburren bitartez egiten dute, ikus-entzunezko formatu erakargarri, erabilerraz eta berri batean.
Vilauk landutako komunikabide berriztatzaile honi esker, minutu gutxiren buruan, benetan beharrezkoak diren prozesuak ikasiko ditu publikoak; esaterako, autoaren gurpila nola aldatu, edo balazta pastillak nola aldatu. Jarduera espezializatuagoak ere ikasiko ditu: ezpainen mikropigmentazioa nola egin, bideo atezain automatiko bat nola instalatu, etab.
Hiru Telebistaren helburu nagusia ikaskuntzarako eta informaziorako baliabide den eta guztien eskura dagoen tresna erabilgarri bat izatea da.
Proiektuaren lehenengo fasean, “emisioan”, bideo sorta bat eskaintzen da, eta hamabostean behin eguneratzen da. Horrez gain, HIRUk bi azpikate ditu: bata Lanbide Heziketa, ikasleek eta irakasleek sortutako bideoak emititzen dituena; eta bestea, berriz, Aisia, musika bideoak, zinema, gastronomia eta abar eskaintzen dituena.
Hau hasiera baino ez da, ordea. Epe laburrera, azpikateak eta gaikako kateak gehitzeko asmoa dago.
Bestalde, Hiru Telebistak elkarreragina eskaintzen dio erabiltzaileri, esaterako, emititutako bideoak baloratzeko eta iruzkinak egiteko aukera. Ondoren, boto gehien jasotzen dituztenak orrialde nagusian nabarmenduko dira.
Horrez gain, ikusleak une horretan emititzen ez den bideoren bat ikusi nahi badu, erraz aurki dezake bilatzaileari esker. Horren bidez, irudiak ikastetxearen, gaiaren edo dataren arabera sailkatuta agertzen dira.
Katea Vilauk zehaztu eta garatu du, eta arlo teknikoaren eta edukien kudeaketaz eta mantentze lanez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila arduratzen da, EITBrekin elkarlanean.
Data:2009/05/18 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.