“Nekeetan, irria ezpainetan”. Horixe pentsatuko zuen Imanol Ortizek “Artículo 35” telebista-saioa bururatu zitzaionean. Lan bila ari diren pertsonei laguntza ematen dien saioa da, hain zuzen ere. ‘Dokureality’ hori aukeratu dute ikus-entzunezko 55 proiekturen artean (dokumentalak, telesailak...), Ikus-entzunezkoen Sektorearen Klusterrak sustatutako EikenBANK programaren bidez modu profesionalean produzitua izateko.
Sari banaketa ekainaren 9an EiTBren (Eikeneko kidea) Multibox aretoan izan zen. Ekitaldian, besteak beste, Jon Moran, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Agentziako Zuzendaria; Mikel Toral, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria; Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Errektoreordea; Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko Errektorea; Luis Almaraz, BBK Gazte Lanbideko Zuzendaria; Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaletxeko Kultura eta Hezkuntza Zuzendaria, eta Alberto Mendez, SPRIko Zuzendari Korporatiboa egon ziren.

Orain, K 2000 produkzio-etxearen eskutik, “Artículo 35” saioa martxan jarriko da ikus-entzunezko produktu gisa, eta, azkenean, ETBk jarriko du ikusgai. Gainera, proiektuaren egileak 4.000 euroko diru-saria du, bai eta diru-kopuru bereko beka bat ere, lau hilabetez enpresarekin batera lan egin dezan, bere ideia garatu ahal izateko. Epaimahaiko kideek proiektu honen originaltasuna eta bideragarritasun komertziala baloratu dute, batez ere.
Oraingoan, gainera, epaimahaiak sari berezia eman dio Ana Hormaetxeren (Getxo) “Protervo” proiektuari. Telefono mugikorretik ikusi ahal izango den fikziozko telesaila da, hain justu. Izan ere, EikenBANKen arduradunek modu positiboan baloratu dute aurreranzko urrats hori, formatu berrietara eta ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko modu berrietara (kasu honetan, telefono mugikor bidezko telebista) egokitzen diren eduki multimedietarako proposamena delako. Proiektu honen kasuan, Irusoin eta Orio Produkzioak enpresak arduratuko dira ideiaren garapen posiblea aztertzeaz.
EikenBANKen arduradunek ahalegin handia egin dute ekimena aurkezteko; izan ere, prestakuntza-zentroetako, zine-eskoletako eta ikus-entzunezkoekin lotutako zenbait titulazio unibertsitariotako ia bostehun ikasleri aurkeztu diete proiektua. Eikenek 2008an martxan jarritako programa berritzaile honen helburu nagusia da profesionala ez den talentu sortzailea aurkitzea eta talentu hori enpresekin harreman zuzenean jartzea, lankidetza horretatik produktu lehiakor berriak sortu daitezen Euskadiko Ikus-entzunezkoen sektorearen barruan.
Hain zuzen ere, enpresen eta talentuen arteko harreman zuzena sustatzeko asmoz, EikenBANKen sari-banaketan –atzo arratsaldean egin zen, EiTBren eraikineko Multibox Aretoan– Face to Face bat antolatu zen (F2F EikenBANK), finalistek aukera izan zezaten produkzio-etxeekin harremanetan jartzeko eta esperientziak trukatzeko.
EikenBANKek Klusterreko bederatzi enpresaren inplikazioa dauka: 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K 2000, Orio Produkzioak eta Pausoka dira enpresa horiek. Gainera, babes instituzional handia dauka; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailek, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Berrikuntza sailek, SPRIk, Bilboko Udalak eta BBKren Gazte Lanbidean Fundazioak babesten dute ekimena.
Instituzioek modu positiboan baloratu dute elkarren lehian aritzen diren enpresak –Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko garrantzitsuenak– proiektu batean elkartu izana, profesionala ez den talentuaren aldeko proiektu bat bultzatzeko. Aurreko edizioan bezala, ekimenak EHU/UPVren, Mondragon Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen eta EAEko Ikus-entzunezko Ikasketa Zentro eta Zine-eskola guztien babesa dauka.
Data:2009/06/10 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.