BERRIAK

Bi euskal ekoizpen etxe aukeratu dituzte Norvegian irailean egingo den Cartoon Forumean beren proiektuak aurkezteko

Rogaland eskualdean, Norvegiaren hego-mendebaldean, dagoeneko prestatzen ari dira Cartoon Forumaren hogeigarren urteurrena. Europako animazioaren urteko foro honen helburua da animazioko telesailen koprodukzioa, finantzaketa eta banaketa sustatzea. Baleuko (Eikeneko bazkidea) eta Somuga aukeratu dituzte, ospe handiko foro horretan beren proiektuak aurkezteko.   

Irailaren 22tik 25era animazioaren mundua Stavanger eta Sandnes hirietara begira egongo da; izan ere, Europako ekoizleek bertan aurkeztuko dituzte  Europako animazioko telesailen belaunaldi berria zein ikus-entzunezko plataforma berriak.

Cartoon Forumaren emanaldi berri honetan nagusi izango dira Europako animazioaren ezaugarri diren kalitatea eta aniztasuna. Guztira, 63 proiektu aurkeztuko dira, eta horietatik, 28 bi edo herrialde gehiagoren arteko koprodukzioak izango dira. Aurkeztutako proiektu guztiak batuta animazioko 320 ordu egongo dira ikusgai, eta aurrekontu orokorra 155 milioi eurokoa izango da.

Espainiako ordezkaritzan, Baleukoren (Eikeneko bazkide) eta Somugaren bi proiektu daude. BaleukokBlack to the moontelesaila aurkeztuko du. Proiektua izenburu bereko film luzearen jarraipena da eta euskal ekoizpen etxeak dagoeneko arrakastaz aurkeztu du nazioarteko hainbat azokatan. “Canneseko azken emanaldia egin zenetik, TVE arduratzen da filmaren nazioarteko salmentez eta oso pozik daude merkatuan izan duen harrerarekin” azaldu digu Miguel Gómez Tejedor Baleukoko animazio arduradunak.

Cartoon Forumerako Espainiako ordezkaritza honako enpresa hauek osatua egongo da: Anera Films; Benece Produccions; Cromosoma; Enne Entertainment; Hampa Studios; Mago Audiovisual Production; Motion Pictures; Neptuno Films; Pigmeos Animación; Screen 21; Tiburón de Animación; Tomavistas eta Zebra Animation.

Maila teknikoari dagokionez, 2Dko proiektuen kopurua 3Dkoen baino zertxobait handiagoa da (%41 eta %37, hurrenez hurren); bestalde, nagusi dira beste behin 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzako proiektuak, %39 hartzen baitute.
 
Jaialdiaren ardatza den proiektuen aurkezpenarekin batera, Cartoon Forumek animazioko film onenari emandako 2009ko Cartonn d`or saria banatuko du; sortuz geroztik, sari horrek Europako talentu berriak bultzatzen lagundu du. Horrez gain, Cartoon Tributes sariak banatuko dira, Europako animazioa bultzatzen diharduten ekoizleen, telebista kateen eta inbertitzaileen lana goraipatzea xede dutenak.

Data:2009/06/19 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa