Azpeitiko Jesusen Bihotzaren Esklaben Komentuan hasiko dira filmatzen ekainaren 22an "Izarren Argia", Mikel Rueda Sasieta gidoigile eta zuzendariaren lehen film luzea. Baleukok (Eikeneko bazkidea) ekoitzi, eta Barton Fimlsek (Eikeneko bazkidea) banatuko duen film honek Eusko Jaurlaritzaren eta EiTBren laguntza jaso du. Gorostilanda prentsa arduraduna izango da pelikula filmatzen den bitartean.
Filmaketan ikus-entzunezko arloan diharduten berrogeita hamar langile inguruk parte hartuko dute eta abuztuaren 1a arte Oiartzun eta Hondarribiko hainbat gunetan ibiliko dira. Egitasmoan Gonzalo Berridi izango da argazki zuzendaria, Peio Villalva arte zuzendaria eta musika, berriz, Jose Ramon Gutierrezek jarriko du.
Gipuzkoan filmatuko den zinema egitasmo garrantzitsu hau Axun eta Maite filmatzen amaitu eta egun gutxira hasiko da. Alderdi artistikoari dagokionez, emakumezko aktore gazte ezagunak egongo dira, hala nola Barbara Goenaga edo Estibaliz Gabilondo. Horiekin batera, Klara Badiola, Amaia Lizarralde, Itziar Ituño, Teresa Calo, Amagoya Laucirica, Garbiñe Insausti, Sara Cozar edo Itziar Lazkano ditugu aktoreen zerrendan.
Laburpena
Izarren Argia 90 minututan Victoriaren (Barbara Goenaga) istorioa kontatzen digun drama historikoa da. Izan ere, Gerra Zibilean, askatasuna galtzeaz gainera, semea kendu zioten indarrez emakume horri. Harrigarriena izan zen, ordea, egoera zail horretan emakumeak itxaropenari eusteko izandako gaitasuna.
Errepublikano baten alarguna, Victoria Saturraranen giltzapetzen dute. Mojek zaindutako emakumezko espetxe horretan bizi izan zen Gerra Zibileko pasarterik ilunenetako bat. ‘Pantera zuria’ zentroko zuzendariak (Itziar Lazkano) eta komunismoarekin amaitzeko Vallejo doktorearen teorien jarraitzaile fidelak semea kentzen dio Victoriari eskuetatik, eta gauza bera egiten du beste presa batzuen semeekin.
Data:2009/06/24 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.