Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bazkideen Batzar Nagusian lehen 2009-2011 Plan Estrategikoa aurkeztu zuen ekainaren 25ean, Euskal Ikus-entzunezkoen Sektorearen garapen lehiakorraren liderra izateko proposamena jasotzen duena. Dokumentuak sektorearen gaitasun lehiakorra zehaztuko dituzten alderdi giltzarriak aurreratzen ditu, Porter diamanteren metodologiaren arabera. Eikenen arabera, lehiakortasunaren osagai giltzarriak honako hauek dira: nazioartekotasuna, talentua, berrikuntza eta aukera berrien bilaketa, Ikus-entzunezkoen munduan ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko moduan gertatzen ari den iraultzatik abiatuta.

Digitalizazioaren eta teknologia berrien testuinguruan, Eikenek negozio tradizionala lekuz aldatzen ari den “ikus-entzunezko negozio berriaren” sorrera baieztatu du; dena den, lehenengoak fakturazioaren zama nagusia hartuko du oraindik datozen urteetan. “Ikus-entzunezko negozio berri” horren ezaugarriak dira TDTrako edukien ekoizpena, hainbat euskarritarako (telefono mugikorrak, Internet, tokiko TBak) “low cost”-en sorreran eta ekoizpenean espezializatzea, eta zinemako nahiz TBko edukiak gailu mugikorretara egokitzea. Era berean, soluzio interaktiboen bilakaeran bereizten da, e-Admnistrazioko edukiak hornitzen ditu, aisialdia du ardatz nagusi eta lehenesten duen publikoa 45 urtetik beherakoa da.
Testuinguru berri honetan Klusterrak eginahalak egingo ditu EAEn nagusi diren zerbitzu tradizionaletako ekoizpen etxeek eta enpresek beren negozio nagusia bultzatu dezaten lehiakortasuneko hobekuntzen laguntzaz (prestakuntza, kalitatea, nazioartekotasuna), eta, aldi berean, negozio berrietan sartzeko aukerak bilatu ditzaten. Horren harira, Eikenek enpresen garapena bultzatzea proposatzen du beren lehiakortasuna etengabe sustatuta, berariazko prestakuntzaren, berrikuntzaren eta zerbitzu aurreratuen hornikuntzaren bitartez eta talentuaren aldeko erronkari garrantzia emanez; izan ere, alderdi hori erabakigarria da sektorearen arrakasta lortze aldera.
Era berean, Klusterrak enpresa egitura egokitua garatu nahi du, euskal enpresen tamaina txikiak eragozpen garrantzitsua izan ohi baita sektorearen garapenerako. Eikenen lehentasunezko lan ildoen artean dago, halaber, nazioartekotasuna eta kanpoko merkatuetara ateratzea. Horri dagokionez, Basque Audiovisualaren laguntzaz Cannesko azoka nagusietan (MIPTV, MIPCOM eta MIF) gure sektorearen presentzia finkatu da, eta aurrera begira ildo hori landuko da Klusterraren Nazioarteko Planaren bidez.
Bestalde, Eikenek antena hargailu gisa jokatu nahi du abangoardiako jakintza enpresen eskura jartzeko, eta sektoreari aurrera egiten laguntzeko zehaztutako estrategiaren norabidean. Izen ere, negozio berrien garapenak jakintza sortzeko eta partekatzeko ahalegin handia eskatzen du. Klusterrak enpresa eragiketak ere lagunduko ditu (enpresa berrien sorrera, fusioak, Euskaditik kanpoko enpresetan inbertitzea, eta abar), bere bazkideen edo Administrazio publikoaren ekimenez sortzen baldin badira eta haien helburua sektore osoaren garapen lehiakorra garatzea baldin bada.
Izan ere, Eikenek azken hilabeteotan hausnarketa estrategiko sakona egin du eta horri esker Euskal Ikus-entzunezko Sektorearen ahulguneak eta indarguneak diagnostikatu ahal izan ditu, Sektoreko Berrikuntza Agendaren barruan sartuko diren ekintzak mahai gainean jarriz, sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko xedearekin.
Data:2009/06/26 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.