BERRIAK

Basque Audiovisual Canneseko MIPCOMean

Ikus-entzunezkoen edukiak ekoizten dituzten euskal enpresa nagusietako batzuk Canneseko MIPCOMean izango dira datorren urrian hirugarren urtez, Basque Audiovisual markaren inguruan bilduta. Produktuen katalogoak Euskadin ekoitzi diren formatu berritzaileenak eta arrakastatsuenak biltzen ditu, besteak beste, denbora-pasarako saioak, dokumentariak, eta animazioa.

Nahiz eta nazioarteko merkatu eta azoka nagusietan Ikus-entzunezkoen Sektoreko euskal enpresek etengabe parte hartu azken hamarkadetan, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailarekin batera, bere jarduera indartzea erabaki zuen eta horretarako Basque Audiovisual izenpean bildutako Ikus-entzunezkoen enpresen parte-hartze bateratua sustatu zuen. Hainbat nazioarteko hitzordutan izan ondoren, marka sendotu egin da eta aintzatespena lortu du Euskadin egiten den ikus-entzunezko produktuaren ezaugarri gisa. Bestalde, enpresek elkarren artean lankidetzan jarduteko duten gaitasunaren adierazgarri bihurtu da, sektorearen helburu komunak lortu ahal izateko.

Oraingo honetan, euskal ordezkaritza enpresa hauek osatzen dute oraingoz: 3Koma, Baleuko, Expressive, Flying Apple, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta Donostia Films. “Krisialdi honetan, gure asmo nagusia, hain zuzen ere, enpresen nazioartekotzea bultzatzea da, ziurgabetasunik eza nagusi den egoera honi aurre egiteko” azaldu zuen Eikeneko Zuzendariak, Itziar Menak.

Basque Audiovisualek 39 metro karratuko stand bat izango du Palais des Festivals delakoan, Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin batera, klusterren arteko lankidetzatik sortzen diren aukerak aprobetxatze aldera. MIPTVaren aurreko edizioan bezala, Basque Audiovisualen erakusketa-esparrua ikus-entzunezko teknologiaz hornituta egongo da, enpresen produktuen erakusketa egokia egiteko helburuarekin. Ukimen pantaila bat izango du, formatu handikoa, eta haren bitartez, profesionalek eskura izango dute informazio guztia. 

Basque Audiovisual markak, gainera, Internet bidezko on-line katalogo komertzial bat du (www.basqueaudiovisual.com), tresna ezin eraginkorragoa bezero eta lankide potentzialekin aldez aurreko kontaktuak egiteko eta bilerak hitzartzeko, azokak irauten duen bitartean.

Hain zuzen ere, iraila bitartean abian jarriko da sustapen kanpaina bat Internet bitartez. Aurkezpen mailing bat bidaliko zaie mundu osoan ikus-entzunezkoen sektorearekin zuzenean harremana duten milaka kontakturi. Horrela, Basque Audiovisualen on-line katalogorako sarbidea bultzatu nahi da, non enpresa bakoitzaren harremanetarako datuak eta lanen aurkezpenak eskuragarri dauden.

Data:2009/07/17 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa