Hemen klikatu sustatzeko film laburra ikusteko: http://www.idem4.com/roland
Idem-ek (Eikeneko bazkidea), Nafarroako ITP, Aragoiko Modélica eta Frantziako Smac enpresekin batera, historia berregiten duten eszenak filmatuko ditu, “La Chanson de Roland” poema epiko ospetsuari buruzko film dokumental baterako Nafarroako hainbat lekutan, irailaren 13a arte. Proiektu honetan Canal Historiak parte hartzen du eta Media programaren laguntza jasotzen du.
510.000 euroko aurrekontua duen proiektu honetan ikerketa arkeologikoa egingo da, Karlomagnoren gudarostearen aurkako erasoa non izan zen argitzeko; izan ere, teoria batek Hechon (Huesca) kokatzen du, eta beste batek, ordea, Orreagan (Nafarroan).
Olivier van der Zee holandarraren zuzendaritzapean, "778 - La Chanson de Roland" film-dokumentalak aldi berean garatuko ditu fantasiaz eta mitoez beteriko herri-poema epikoa eta 778. urtean benetan izandako gertaera historikoak; hau da, Karlomagnoren bidaldia Zaragoza hartzeko –porrot egin zuena- eta itzuleran, Pirinioak zeharkatzen ari zela, gudarosteari eginiko erasoa, “Orreagako Gudua” gisa ezagutzen dena.
2010eko udaberrian filma lehen aldiz ematea espero dute eta ETB, France-3, Aragon TV eta estatuko nahiz nazioarteko beste kate batzuetan ikusi ahal izango da. Egitasmoan Erdi Aroan aditu diren historialari ezagun askok parte hartuko dute, hala nola Alessandro Barbero-k, Armando Besga-k eta Philippe Senac-ek. Horrez gain, historialari militarra den Jean-Marie Dambier Almiranteordeak eta Manuel Martín Bueno, Agustín Azkarate eta Mercedes Unzu arkeologoek parte hartuko dute.
Punta-puntako berregitea
Dokumentalak historia berregiteko hainbat eszena izango ditu antzezleekin, narrazioa erakargarriagoa izateko eta bisualki aberasteko. Grabazio horiek Nafarroan egingo dira historia antzezpenetako zenbait espezialistaren laguntzaz, hala nola Ulfhednar taldeko alemaniarrak eta ingelesak (www.ulfhednar.org) eta Clan del Cuervo taldearen espainiarrak (www.clandelcuervo.com).
Data:2009/09/04 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.