Euskadiko ikus-entzunezkoen alorreko enpresa nagusiak Canneseko MIPCOM azokan izango dira urriaren 5etik 9ra, hirugarren urtez jarraian, Basque Audiovisual markaren inguruan bilduta.
Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak atzerriko merkatu eta azoka ugaritan izan dira azken hamarkadetan. Nolanahi ere, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak parte-hartze hori sendotzea erabaki dute, eta ahalik eta enpresa kopuru handiena bildu nahi dute horretarako Basque Audiovisual markaren inguruan. Marka sendo dago gaur egun, eta Euskadin egiten den lana munduan ezagutarazteko balio du.
Eikenen Nazioartekotze Planaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Niniak Programaren baliabideen zati bati esker, ikus-entzunezkoen alorreko berrogeita hamar bat enpresa, ekoizleak eta banatzaileak gehienak, Basque Audiovisual markaren inguruan bildu dira 2009an honako azoka eta ekitaldi hauetan parte hartzeko: MIPTV, MIF, Sunny Side of the Doc eta MIPCOM. Inbertsioa 180.000 eurokoa izan da, gutxi gorabehera. Ez alferrik, Eikenen 2009-2011 Plan Estrategikoaren bigarren erronkan irakur daitekeenez, ezinbestekoa da Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko produktuak atzerriko merkatuetan ezagutaraztea.
Euskal ordezkaritza
Honako hauek osatuko dute euskal ordezkaritza Canneseko azokan: 3Koma (“El calendario del año” - lehiaketa), Bainet Zinema (“Hogar útil” - kanal tematikoa), Baleuko (“Black to the moon” - animazio seriea), Expressive (“Anima channel” - animazio filma), MediaBost (“Mystical” – luzemetraia), Pausoka (“Zorion Perfektua” - luzemetraia), Retelsat (itsasazpiari buruzko dokumental seriea), Silverspace (“Hiroku y los defensores de Gaia” – animazio filma), Western Films (“Vivo México” - dokumental seriea), Somuga (“The Howoldies” - animazio seriea), Audiovisual 21, K 2000 (“Pásalo” - entretenimendu saioa), Moztu Filmak (“The last passage”) eta EiTB.
Taldea Vitoria-Gasteiz Film Commission delakoak osatzen du, antolakuntza mota hauei bereziki eskainia dagoen jardunaldian parte hartuko duena.
Data:2009/09/16 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.