K 2000, Abra Prod, Bitart, Pausoka eta Barton Films enpresak Donostiako Zinemaldian dira egunotan aurtengo euskal film onenak erakusten.
Fermin Muguruzak zuzendu duen “Checkpoint rock” dokumentala, K 2000 produktorak ekoitzia eta Barton Films etxeak banatua (Eikeneko bazkideak), Donostiako Zinemaldiaren 57. edizioko Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama sail berrian egongo da. Irailaren 25ean (ostirala) ikusi ahal izango da, arratsaldeko 17:00etan, PRINCIPE 10 aretoan, eta irailaren 26an (larunbata), arratsaldeko 20:30ean, PRINCIPE 9 aretoan.
Zinemaldiaren aurreko edizioetan, Euskal Zinemaren Egunak film bakoitzaren proiekzio bakarra eskaintzen zuen. Ekimen hori zabaldu eta sail berri bihurtu da aurtengo edizioan, eta urteko lanik onenen lagin interesgarri bat eskainiko du.
Sail berean, Aitor Mazok eta Patxo Telleriak beren lehen luzemetraia estrenatuko dute: “La máquina de pintar nubes”. Gidoilari-lanetan ere aritu dira. Filma Abra Prod (Eikeneko bazkidea) eta Mundo Ficción etxeek ekoitzi dute, eta irailaren 24an (osteguna) proiektatuko da, gaueko 22:30ean, PRINCIPE 9 aretoan, eta irailaren 25ean (ostirala), arratsaldeko 20:30ean, ANTIGUO BERRI 6 aretoan.
“Ander” homosexualitatea gaitzat hartuz euskaraz egin den lehen luzemetraia da, eta EiTBk eta Bitart enpresak (Eikeneko bazkideak) parte hartu dute. Irailaren 25ean (ostirala) proiektatuko da, arratsaldeko 20:45ean, ANTIGUO BERRI 2 aretoan.
Amaitzeko, “Zorion Perfektua” luzemetraia Zabaltegiko “Zuzendari Berriak” sail ofizialean lehiatuko da. Anjel Lertxundi idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako filma Pausokak (Eikeneko bazkidea) ekoitzi du, EiTBren (Eikeneko bazkidea) laguntzarekin. Barton Films (Eikeneko bazkidea) arduratuko da banaketaz.
Anne Igartiburu da filmeko aktore protagonista, eta irailaren 25ean (ostirala) ikusi ahal izango da, arratsaldeko 19:00etan, KURSAAL 2 aretoan, eta gaueko 9:30ean, PRINCIPAL aretoan. Larunbatean, 26an, beste bi emanaldi izango dira: eguerdiko 12:00etan, KURSAAL 2 aretoan, eta gaueko 23:15ean, PRINCIPE 7 aretoan.
Data:2009/09/23 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.