Lu Chuan zuzendariaren “City of life and death” film txinatarrak irabazi du irailaren 27an amaitu zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 57. edizioko Film Onenaren Urrezko Maskorra.
Gainera, Laurent Cantet zinemagile frantziarra buru zuen Sail Ofizialeko Epaimahaiak Pablo Pineda eta Lola Dueñas antzezleei eman die, hurrenez hurren, gizonezko eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Biek ala biek “Yo, también” espainiar filmean parte hartu dute, eta kutxa Gizarte Ekintzaren 30.000 euroko diru-laguntza lortu du lan honek.
Zuzendari Onenari emandako Zilarrezko Maskorra Javier Rebollorentzat izan da, 'La mujer sin piano' (Espainia-Frantzia) lanagatik; Epaimahaiaren Sari Berezia, aldiz, François Ozon zuzendariaren 'Le refuge' pelikularentzat (Frantzia) izan da. “City of life and death” filmak, gainera, Argazkigintza Onenaren saria lortu du, eta Gidoi Onenaren saria Andrews Bowell, Melissa Reeevs, Patricia Cornelius eta Christos Tsiolkas gidoilarientzat izan da, “Blessed” (Argentina) filmean eginiko lanagatik.
Nazioarteko kritikak emandako FIPRESCI saria Isaki Lacuestaren 'Los condenados' filmak irabazi du.
Zuzendari berriak
Zuzendari Berrien Kutxa Sariaren epaimahaiak, Saffron Burrows ingelesaren gidaritzapean, Philippe Van Leeuw zuzendariaren “Le jour où dieu est parti en voyage” (Belgika) filmari eman dio lehen saria (90.000 euroko ordainsaria), eta bereziki aipatu du Zinemaldiko Batzordeak hautatutako pelikulen “kalitate handia”. Sail honetan bertan, Pausokak (Eikeneko bazkidea) ekoitzi eta Anne Igartiburu protagonista duen “Zorion Perfektua” filma ikusi ahal izan da.
Gainera, Lee Daniels zuzendariaren “Precious” filmak 70.000 euro jasoko ditu Publikoaren TCM Saria irabazteagatik; Sherry Hormanen “Desert Flower” filmak, aldiz, 35.000 euro. Gaztea Saria, bestetik, Martin Carranza eta Victoria Galardiren “Min Dît/ The Children of Diyarbakir” filmarentzat izan da.
Amaitzeko, Manuel Perez Estremera buru zuen “Horizontes” sariko epaimahaiak Adrian Biniez uruguaiarraren “Gigante” filmari eman dio lehen saria ahobatez, eta 35.000 euro jasoko ditu. TVE-Otra Mirada saria “Precious” pelikularentzat izan da.
Data:2009/09/28 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.