BERRIAK

Basque Audiovisual markako produktuek sektorearen arreta erakarri dute, Cannesko edukien azokan

Astelehenean abiatu zen Cannesko 25. MIPCOM azoka; hots, telebistako edukien nazioarteko azoka nagusia. Zalantzarik gabe, krisialdi ekonomikoak bere aztarna utzi du aurtengo azokan, baina ezin ahaztu, era berean, Basque Audiovisual markak biltzen dituen euskal enpresek (3Koma, Bainet Zinema, Baleuko, Expressive, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Silverspace, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta EiTB) egin duten garrantzizko lana ere; izan ere, produktu berritzaileak eta merkatuak eskatzen duenarekin bat datozenak aurkezten saiatu dira enpresok; formatu lehiakorrak, ekoizpen kostu txikiagoarekin.

Euskal ordezkaritzako produktuen katalogoa animaziozko telesailek, dokumentalek, kanal tematikoek, doku-realityek, entretenimenduko magazineek, gazteentzako telesailek eta abarrek osatzen dute. Hogei bat formatu dira guztira, horietako batzuk arrakastatsuak Euskadin, eta sektoreko eragileen arreta erakarri dute.

Cannesko azoka bihar amaituko da (ostirala, urriaren 9a), eta aurten enpresa gutxiago bertaratu badira ere, Frantziara joan diren euskal enpresek ia ehun bilera egin dituzte egunero, erosle potentzialekin. Gainera, Euskadin egindako ikus-entzunezkoek erakarri dituzten profesionalen joan-etorria etengabekoa izan da Basque Audiovisual markako erakustokian.

Itziar Mena Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendariak adierazi duenez, “gisa honetako azokek telebistako edukien arloko joera berriak eta formatu berriak gertu-gertutik ezagutzeko aukera ematen dute, eta aurten egiaztatu ahal izan dugu Euskadiko enpresek merkatuko eskariarekin guztiz bat datozen produktuak eskaintzen dituztela”. Hain zuzen ere, Eiken eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatu dute euskal enpresek hurrenez hurreneko hirugarren ustez Basque Audiovisual markaren aterkipean Cannesko azokan parte har dezaten. Izan ere, Basque Audiovisual sendotasun handiko marka da, entzute handia du, eta Euskadin egiten diren ikus-entzunezkoak identifikatzen ditu.

Basque Audiovisual markak 40 metro koadroko erakustokia du Palais des Festivals aretoan, Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin batera, klusterren arteko lankidetzak ematen dituen aukerak aprobetxatzearren. Basque Audiovisual markak ikus-entzunezko teknologia erabili du bere erakustokian, enpresetako produktuak modu egokian aurkezteko. Hain zuzen ere, formatu handiko ukipen pantaila bat dago erakustokian, profesionalek produktu eta formatu guztiei buruzko informazioa eskura izateko.

Basque Audiovisual markak profesionalen topaketa bat egin zuen asteartean (urriaren 6an), eta azoka bukatu bitarte, enpresek formatu batzuk aurkezteko aukera izango dute animazioaren eta telesailen arloko foro espezializatuetan. Gainera, erosle potentzialekin biltzeko aukera ere izango dute. Eikeneko zuzendariak gaineratu duenez, “Ekonomiaren atzeraldia dela-eta, gaur egungo merkatua kontserbadoreagoa da, baina enpresek bezeroak aurkitzeko ahaleginak bikoiztu dituzte eta aurreko urteetan baino enpresa gehiagori ari dira aurkezten beren lana”.

Data:2009/10/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa