gizer.net enpresak, EIKENeko kidea, Deustuko Teknologia Fundazioaren (DeustoTech) eVIDA ikerkuntza taldearekin elkarlanean, TICAVEI jardunaldiak antolatu ditu ACCEedu teknologian egin dituen aurrerapenak aurkezteko. Teknologia berri honi esker, ikus-entzunezko edukietan oinarritutako hezkuntza jarduerak erabil daitezke e-learning merkatuan, azpititulazioa eta audiodeskribapena bezalako elementuak barne.
Berrikuntza nagusia hauxe da: ikasleak eta irakasleak ikus-entzunezko materialekin lan egin dezakete, testu idatzi batekin egingo luketen moduan, eta horrek aukera handiak ematen ditu aurrez aurreko eta on-line irakaskuntza hobetzeko, IKTen laguntzarekin. Teknologia hau Moodle plataforman integratzeko sortu da, gaur egun gure inguruan nagusi den e-learning plataforman, edota era independentean erabiltzeko.
Urriaren 5etik 8ra, hainbat ikastetxetako 40 irakasle, Bizkaikoak gehien bat, elkarlanean aritu dira jardunaldi hauetan. IKTek irakaskuntzarako dituzten berrikuntza nagusiak aztertzeaz gainera, ACCEedu teknologiaren ahalmena egiaztatu ahal izan dute, eta tresna honetarako hobekuntzak proposatu dituzte beren esperientziatik abiatuta.
TICAVEI jardunaldien lehen fasea joan den irailaren 14an egin zen, hizkuntzen irakaskuntzari buruzko hainbat adituren erakusketa eta lanekin, herritar guztien eskura dauden eduki multimedia eta ikus-entzunezko materialen bitartez. Bilkura horretan, Madril, Bartzelona, Granada, Bilbo, Erresuma Batua eta Greziako unibertsitateetako adituak bildu ziren, baita software arloko eta ikus-entzunezkoen munduko hainbat enpresa ere.
Data:2009/10/09 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.