BERRIAK

Abian da Gidoi Faktoria, Euskadi gidoilarien prestakuntzako erreferente bilakatzeko Ikus-entzunezkoen Klusterrak antolatu duen prestakuntza programa

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk gaur inauguratu dute ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ prestakuntza programa; egitasmoaren helburua ikus-entzunezkoen produkzioan lan egiteko aukera izango duten gidoilari adituak prestatzea da, arlo horretan gaur egun telebistaren merkatuan dagoen hutsunea betetzeko.

Uztailean, jardunaldi irekiak egin zituzten EiTBko Multibox aretoan prestakuntza programaren xehetasunen berri emateko. Hautaketa prozesua sektoreko profesional talde batek egin zuen uztailean eta irailean, eta bertan berrogeita hamar bat pertsonek hartu zuten parte.

Prozesu amaieran 18 eta 45 urte bitarteko 20 pertsona hautatu zituzten; gehienak Bizkaikoak dira, baina badira beste bi lurralde historikoetako eta Kantabria nahiz Nafarroako pertsonak ere. Ikasle horiek izango dira prestakuntza berezituko ikastaroa egingo duten lehenak eta hura amaitzean ‘gidoilari adituak’ titulua jasoko dute. Proposamen berritzailea izateaz gain, Gidoi Faktoria gidoia ardatz duen Estatuko lehen prestakuntza programa osoa eta integrala ere bada.

Profesional entzutetsuak
Madalen Bermeosolo, EiTBko Prestakuntzako arduraduna, izango da Gidoi Faktoriako buru eta harekin batera 25 irakaslek lan egingo dute; horiek gidoiaren eremu guztietan izen ona duten eta zinemako, telebista telesailetako, entretenimendu programetako, dokumentaletako, reality programetako eta abarretako dozenaka proiektutan parte hartu duten profesionalak dira.

Gidoi Faktoriako irakasleak izango dira, besteak beste: Michel Gaztambide (Yoyes, La Caja 507...), Txemi Parra (Aguila Roja, 7 vidas, El internado, El comisario…), Asier Aizpuru (Amar en tiempos revueltos), Virginia Yague (La señora), Pedro Fuentes (Goenkale...), Nacho Velilla (Aída, Médico de Familia…), Diego San José (Pagafantas), Roberto Ontiveros (GH) edo Carolina Cubillo (Callejeros) 

Eiken – Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterreko enpresa hauek lagundu dute Gidoi Faktoria prestakuntza programa diseinatzen: Pausoka, 3 Koma, K 2000, Baleuko, Irusoin eta Orio Produkzioak.

Informazio gehiago: Prentsa oharra
                                Albistea

Data:2009/11/05 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa