Itziar Menak, Eikeneko zuzendariak eta Madalen Bermeosolok, EiTBko (Eikeneko bazkidea) Prestakuntza arduradunak eta Gidoi Faktoriaren koordinatzaileak, Zinebiren harira (Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko 51. Zinemaldia) antolatutako jardunaldietako batean parte hartuko dute azaroaren 12an, 2009/2010 ikasturtean hasi berri den prestakuntza programa berritzaile hau aurkezteko.
Aurten ere, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra Zinebiren aurreko egunetako (azaroaren 23-28) jardueretan egongo da lankide gisa. Oraingoan, bere programarik berritzaileena eta handinahiena aurkeztuko du, Ikus-entzunezkoaren profesionalen prestakuntzari dagokionez. Hainbat zinema eskoletako ikasleekin egingo den topaketa 12:00etan izango da, El Ensanche Udal Zentroan.
Joan den azaroaren 5ean hasi zen Gidoi Faktoriaren lehen ikasturtea, prestakuntzako ibilbide oso bat, pertsonak gidoigile aditu gisa trebatzeko xedea duena. Ikastaroa egiten dutenek zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte ikus-entzunezkoen arloan, gaur egun telebistaren merkatuan dagoen gidoigileen hutsunea betez.
Gidoi Faktoriarako hautaketa prozesua gainditu duten 20 ikasleek gidoiari buruzko prestakuntza osoa jasoko dute 25 profesional ezagunen bitartez. EiTBren 4. platoan emango den prestakuntza lau modulu independentek osatzen dute; guztira, 300 irakastorduko ibilbidea, gidoigile orok ezagutu beharreko gaitasunak eta trebetasunak erakusteko.
Data:2009/11/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.