BERRIAK

Apirilean Cannesen (Frantzia) izango den Telebista azokara Basque Audiovisual legez ahalik eta enpresa gehien joatea sustatuko du Eikenek

Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak konfirmatu du apirilaren 7tik 11ra bitartean ospatuko den munduko telebista merkaturik handiena den MIPTV 2008 azokan ere izango direla. Ekimenak Kultura Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntza dauka.

                                                            

Euskal enpresak joan den urrian Cannesen izandako MIPCOM 2007 nazioarteko azokara Basque Audiovisual legez joan ondoren, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak konfirmatu du munduko telebista merkaturik handiena den MIPTV 2008 azokan ere izango direla. Ekitaldia apirilaren 7tik 11ra bitartean izango da, Frantziako Cannes hirian. Era berean, urrian berriro izango dira MIPCOM 08 azokan. Bertan, Espainia izango da herrialde gonbidatua, eta, horrenbestez, ordezkaritzek zenbait pribilegio izango dituzte.

Eiken hasi da harremanak ezartzen eta aldez aurreko sustapen-lanak egiten, Euskal Ikus-entzunezkoen Sektorearen ahalik eta partaidetzarik handiena sustatzeko, Basque Audiovisual aterkiaren pean, Cannesen izango den MIPTV 08 azokan. Hori dela eta, ikus-entzunezkoekin erlazionatutako zenbait erakunderekin jarri da harremanetan, ekimenarekin kolaboratzera gonbidatzeko. Halaber, Klusterreko bazkide diren enpresei ere informazioa eman zaie, baina, hala ere, sektoreko enpresa guztiei ere jakinaraziko zaie, parte hartzeko interesa duten adieraz dezaten.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan, Eiken harremanetan jarri da ICEXekin, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreak azokan izango duen partaidetza pertsonalizatuaren eredua definitzeko. Klusterraren helburua da ikus-entzunezkoen sektorearekin erlazionatutako enpresa, erakunde eta organizazio ugariren presentzia ahalbidetzea MIPTV 2008 azokan. Horrela, euren produktuak erakutsi eta kontaktu interesgarriak egin ahal izango dituzte, eta, bide batez, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektorearen irudia sendotu, Cannesen espazio propio eta bereizia izanda.

Horrela, bada, urrian izandako baldintzak mantenduko dira, eta Basque Audiovisual gisa doazen enpresek, lehentasunezko toki batean, mahai-eremu bat izango dute beraientzat bakarrik. Horrek aukera emango die enpresei beren bilerak eta merkataritza-harremanak kudeatzeko.

Eikenek 2007. urtearen hasieran zeukan helburu estrategikoetako bat Kanpo Sustapenerako Urte Askotarako Plana finkatzea zen, eta, horretarako, marka unitario baten pean aurkeztu behar zen Sektorea. Hori horrela, Basque Audiovisual marka kanpoko merkatuetara bideratutako informazio-material eta ekintza guztietan ari da erabiltzen dagoeneko.

Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak mailing bat egin dio sektore osoari, ekimen honekin bat egin dezan. Izan ere, ez da soilik interesgarria enpresentzat, ezpada sektorearekin erlazionatuta dauden eta, zenbait ikuspegitatik, sektorearen sustapenaren eta hedapenaren alde lan egiten duten organismo eta erakunde guztientzat ere. “MIPCOM azokan egotea oso garrantzitsua izan zen, eta gure itxaropenak ondo baino hobeto bete ziren; hain zuzen ere, orain ilusioz beterik gaude MIPTV azokan egoteko, zalantzarik gabe nahitaezko hitzorduak dira eta”, azaldu zuen Itziar Menak, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendariak, otsailaren 25ean Madrilen ICEXeko arduradunekin izandako bileraren ostean.

MIPTV azokak nazioarteko izaera dauka argi eta garbi. 100 herrialde baino gehiago bildu ziren 2007ko edizioan. Merkatuko bost egunek jarduera ugari eskaintzen dituzte: hitzaldiak, mintegiak, keynote-ak, koktelak, proiekzioak, prentsaurrekoak eta sari-banaketak. Egun horietan zehar, Frantziako hiria Europako ikus-entzunezkoen hiriburu bihurtzen da.

Datozen egunetan promozio-kanpaina bat jarriko da abian Internet bidez, eta aurkezpen-mailing bat egingo zaie mundu guztian ikus-entzunezkoen sektorearekin erlazionatuta dauden kontaktuei. Gainera, Basque Audiovisual proiektuari buruzko informazio guztia jasotzen duen web gune bat ere badago (www.basqueaudiovisual.com).

Data:2008/02/26 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa