BERRIAK

Digitalak-en 360º-ko kamerak arreta bereganatu zuen Ablan

Ikus-entzunezko enpresen arteko sinergiak sortzea eta berrikuntzaren alorrean emandako pausoak dira Eikenek-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, azpimarratu zituen faktoreetako bi, Ablaren hirugarren edizioa ospatu eta gero. Aurkeztutako proposamenen artean, bertaratutakoek arreta berezia eskaini zieten Digitalak-en –Eikeneko kidearen– 360º-ko kamerari, izan ere, bere teknologia berritzaileari esker, ekitaldiko puntu erakargarrienetakoa bilakatu baita.

Eikenen iritziz, Ficoban burutu zen ekitaldiak agerian utzi zuen ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen artean elkarguneak sortzearen eta finkatzearen garrantzia. Horrela, Eikenen stand bera toki aproposa izan zen clusterreko kideen artean ezagupenak eta esperientziak trukatzeko eta, aldi berean, sektorerako garrantzitsuak diren beste talde batzuekin komunikazio bidea irekitzeko, publizitatearen sektorearekin, adibidez.                                           

Eikenen zuzendari den Itziar Menaren hitzetan, “oso garrantzitsua da komunikazioaren alorreko agente guztien arteko sinergiak aprobetxatzea, eta hau bezalako elkarguneak oso kontuan izan beharko dira, ikus-entzunezkoen negozio berriaren beharrei berme osoz aurre egin ahal izateko. Hala ere, beharrezkoa da lanean jarraitzea, ekitaldi hau, gai horrekin erlazionaturiko sektore guztien arteko harremanetarako plataforma eraginkorra izan dadin”.                      

Alderdi hori alde batera utzita, Eikenek Ablan izan zuen presentziaren balantzea positibotzat har daiteke, berrikuntzarekin erlazionaturiko jarduerei dagokienez, batez ere. Alor horretan, protagonista nagusia Digitalak enpresa eta bere 360º-ko kamera izan zen, izan ere, bertaratutako guztien arreta erakartzea lortu baitzuen. “Asteazken arratsaldez grabazioa egin genuen Ficoban bertan, eta ostegunean proiektatu genuen” –esan zigun Digitalek-eko Jasone Sisniegak. “Nabaria zen jendearen interesa eta harridura, batzuei Google "street wiew", baina mugimenduan, gogorarazten zien tresna ikusita”.                              

Oso erakargarriak izan ziren, baita ere, Sugar Factoryren eta Videoplayren proposamenak. Sugar Factoryren kasuan, enpresak, errobotizatutako kamerak erabili behar gabe bereizmen eta anplitude handiko espazio birtuala sortzeko gai zen set birtualaren maketa eraman zuen Eikeneko standera. Hurbildu ziren guztiek tokian bertan ikusi ahal izan zituzten VSN Freemove tresnan oinarritzen den sistema horren abantailak.                                                                                                                                                                                                           

Videoplayri dagokionez, 160 metro koadroko standean jendearentzako irekita zegoen unitate mugikorra instalatu zuen, mota horretako ibilgailuek nola funtzionatzen duten erakusteko. Horrela, Videoplayk zerbitzu integratuen eskaintza hurbildu zien bertaratutako guztiei. Eskaintza horren barruan daude, besteak beste, Broadcast-a, Ikus-entzunezkoak (ekipoen alokairua) eta Multimedia (komunikazioa eta kartelak), eta baita bere Garapen Sailak garatutako azken lanak ere, Telebistako Edukien Kudeaketa edo karbono aztarna murriztera bideratutako ingurumen tresna berritzailea, besteak beste.                                                                                                                                                                                                                                             

Azkenik, Eikeneko kide diren Gizer.net eta Jarkatza enpresek beraien produktuen potentzialtasuna hurbildu zieten ikusleei, internet munduarekin erlazionaturikoak, batez ere. Jarkatza konpainiak satelite bidezko Interneteko konexio-jaurtigailua aurkeztu zuen penintsulako zeinahi puntutatik sartzen uzten duena, telefono azpiegituraren eskuragarritasuna edozein dela ere. Horretarako, Jarkatzak garatu duen sistemak ASTRA eta Hispasat sateliteen sarea erabiltzen du. Gizer.net enpresa, bere aldetik “webrunner 2.0” izeneko produktua aurkeztu zuen bisitarien interesa bereganatuz. “Webrunner 2.0” press clipping digitala  eskaintzen duen tresna da.

Data:2010/02/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa