Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak abian jarri du hirugarren urtez jarraian Euskadiko talentu ez-profesionalaren erakusleihorik handiena: EikenBANK. Batez ere, gazte ikasleentzat eginiko ekimen honek harreman zuzena bermatzen du, prestatzen ari den talentuaren eta sektoreko enpresen artean; hartara, bi taldeek jaso ditzakete sorkuntza prozesuaren onurak.
Aurreko bi aldietan egin izan den bezalaxe, EikenBANKeko arduradunek aurkezpenen egitarau zabalarekin hasi dute prestakuntza zentroetan, zinema eskoletan eta unibertsitateetan. Hitzaldi nagusia Eikeneko zuzendari Itziar Menak emango du, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen unean uneko lankidetzarekin.
Hitzaldi horien helburua da, programan parte hartzeko hautagai nagusiak diren gazteen artean, mila lagun baino gehiago elkartzea eta beren ideiak www.eikenbank.com web orrian jartzea.
EikenBANK programak 4.000 euroko saria aurreikusten du ideia onenarentzat, eta, horrez gainera, herrialdeko ekoizpen etxe nagusietako batean ideia garatzeko, eta, ondoren, emateko aukera eskainiko dio. Era berean, proiektuaz arduratzen den pertsonak prestakuntza beka bat jasoko du, 4 hilabetez lana egiteko ekoizpen etxe horretan. Gainerako finalistek ere "Face to Face" topaketak izango dituzte programan laguntzen duten enpresekin, eta, horrela, gazteen eta enpresen arteko elkarrekintza bermatuko dugu.
Programaren arrakastak aurreko bi aldietan hazten joan den parte-hartzearen bermea du. EikenBANKeko lehen aldian, 2008an, 27 proiektu aurkeztu ziren, eta 2009an, berriz, kopurua 55era iritsi zen. Programaren arduradunek, emaitzak ikusita eta aurkeztutako hainbat proiektu ekoizpenaren arloan islatu direla jakinda, aurten ere parte-hartzaileen kopurua areagotzea espero dute.
Data:2010/02/12 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.