BERRIAK

'Euskaldunen pilota jokoa' laburmetraiak nazioarteko FIAMP 2009 sarietan irabazle

'Euskaldunen pilota jokoa' laburmetraiak FIAMP 2009 saria irabazi du bere kategorian, Ondareari buruzko Ikus-entzunezkoen Nazioarteko Jaialdian. Dokumentala Bilboko Euskal Museoaren babesean egin da, eta K 2000k, Eikeneko kidea, ekoitzi du, Kepa Junkeraren musikarekin. Lehiaketan mundu osoko kultur erakundeek sortutako lanek parte hartu dute.

Historian, artean eta ikus-entzunezkoen munduan adituak diren profesionalez osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du saria euskal dokumentalari ematea, eta otsailaren 14an Torinoko Zinema Museo Nazionalean (Italia) egin den ekitaldi batean eman du horren berri. Honako hauek izan dira haren hitzak: "Spectaculaire, hyperréaliste, convaincant. Dans le respect de son rôle de vidéo informative et pédagogique, il atteint cependant un niveau de qualité esthétique qui en fait un produit à regarder pour le pur plaisir". ("Ikusgarria, hiperrealista, konbentzigarria. Dokumentalak bere informazio eta hezkuntza eginkizuna betetzen du, eta kalitate estetiko handikoa da gainera, plazer hutsez ikusteko moduko ekoizpen bihurtzen duena".)
 
Museoen Nazioarteko Kontseiluak antolatzen duen jaialdi honen helburua ikus-entzunezkoak eta teknologia berriak garatzea da, ondare kultural eta historikoaren esparruan. Lehiaketan mundu osoko lanek parte hartzen dute, eta euskal museo batek babestutako eta Euskal Herrian eginiko lan batek irabazi du lehen aldiz.

'Euskaldunen pilota jokoa' dokumentalak pilota jokoaren bilakaera azaltzen du, XVI. mendetik gaurdaino, garaian garaiko errekreazioen bitartez, eta hainbat ikuspegitatik aztertzen du eraldaketa hori: joko motak, jokatzeko lekuak, erabilitako tresnak eta baita jokoaren beraren izaera ludikoa eta soziala ere.

Laburmetraian pilotari gazteek, promesek eta amateurrek parte hartu dute, eta pilota modalitate ugari irudikatu dituzte: esku huska, trinketea, joko luzea eta errebotea. Grabaketak hainbat lekutan egin dira: Nafarroako Arraiotz herriko belarrezko pilotalekuan, Bidarrain, Baionako San Andres trinketean, Laudioko Urkixoko Markesa pilotalekuan, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan eta Iruñeko Labriten. Dokumentalak pilota jokoaren ikuspegi ugari eskaintzen ditu, jokoaz aparte: partida jokatu aurreko prestaketak, beroketa ariketak eta babesak eskuetan jartzea; pilotak eskuz nola egiten diren, Donibane Lohizuneko Punpa tailerrean; partida bateko giroa, artekariak, apustuak, etab.

Dokumentala ikusgai egon da Bilboko Euskal Museoak joan den ekainean pilotari eskaini zion erakusketan. Irudien kalitateaz eta zehaztasun historikoaz gainera, aipatzekoa da ere 7x2 metroko pantaila batean ikus daitekeela.

Bilboko Euskal Museoak, hiri horretako Unamuno plazan, pilotari iaz eskaini zion erakusketaren lagin txikin bat mantentzen du oraindik, eta saritutako dokumentala ikusteko aukera eskaintzen du, besteak beste.

Data:2010/02/23 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa