Signo Digital enpresaren –EIKENeko bazkidea– "Tener el corazón en el lugar equivocado" film laburra Malagako Zinemaldian parte hartzeko aukeratu dute. 17 minutu bakarrik iraun arren, Josu Venero zuzendariaren lanak dokumentalen sailean parte hartuko du, antolatzaileek balio dokumentala kontuan hartu baitute, metrajearen gainetik.
"Tener el corazón en el lugar equivocado" lanak ibilbide arrakastatsua izan du: Zinebin parte hartu zuen, Goya sarietarako lehen hautaketan aukeratua izan zen, eta, orain, apirilaren 17tik 24ra Malagan egingo den zinemaldiko sail ofizialean izango da. Josu Venero zuzendariak, Signo Digital – Art Frame konpainiako arduradun ere badenak, esperientzia handia du dokumentalen eremuan, 25 lan baino gehiago zuzendu baititu.
Film laburra Malagako Zinemaldiaren lehen egunean emango dute. Lanak José Antonio Sistiaga gipuzkoar artistaren sormen prozesua erakusten du. Sistiagak pelikulak margotzen ditu, fotogramaz fotograma, oihalak izango balira bezala, eta film labur honi esker, ikusleek artistaren lana ezagutu dezakete. Dokumentala 2009an egin zuten; 35 mm-tan grabatu zuten, Ziburuko, Donostiako eta Parisko zenbait tokitan. Musika Wim Mertens belgikar musikagilearena da.
Data:2010/03/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.