Aurten, Basque Audiovisual MIPTVn egongo da berriro. Cannesen eginiko Ikus-entzunezkoen eta Eduki Digitalen Nazioarteko Azoka hau munduko garrantzitsuenetako bat. “Palais de Festivals” gunearen 14.13 standera hurbiltzen diren bisitariek aurten Euskadin eginiko ekoizpen nagusiak ezagutzeko aukera izango dute.
Cannesera joango den euskal ordezkaritzak Basque Audiovisualen babesa izango du eta hamaika enpresa hauek osatua izango da: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Expressive Media Projects, Idem 4, JSB Multimedia, Mediabask, Pausoka, Retelsat, Silverspace Animation Studios eta Sonora Estudios. Beren produktuak munduko banatzaile nagusiei erakutsi ahal izango diete, azokak irauten duten lau egunetan, hau da, apirilaren 12tik 16ra.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Eikenen ekimen bateratu honek, sektorerako egiten denak, euskal ikus-entzunezkoen presentzia bermatzen du nazioarteko erakusleiho nagusian, eta, aldi berean, konpainien merkataritza lana errazten du. Aurtengo MIPTVen eduki zehatzari dagokionez, euskal enpresek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte digitalizazioak sektorean, oro har, eragin dituen eraldaketei buruzko analisiak, izan ere, adituek hortaz hitz egingo dute. Hain zuzen ere, ekoizpen digitala izango da aldi honen protagonista nagusietako bat, berezko gunea izango baitu eta baita leku nabarmena ere, programatutako 150 hitzaldietan.
Bestalde, MIPTV baino lehen, MIPdoc (dokumentalei buruz) eta MIPformats egingo dira. Azkenekoan, 3Komaren parte-hartzea aipatu behar dugu, izan ere, bere “The Killer Room” egitasmoa aukeratua izan da “aukeraketa berezia” atalerako, eta estudio handietako banatzaile eta ekoizle talde handi baten aurrean aurkeztuko dute.
Data:2010/04/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.