BERRIAK

TF1 frantziar kate publikoak 3Koma-ren "Urteko Egutegia" saioa erosi du, han eskaintzeko

TF1 frantziar kate publikoak 3Koma-k ekoitzitako "Urteko Egutegia” ("El Calendario del Año") reality-lehiaketa eskuratu du, herrialde horretan eskaintzeko asmoz. Hain zuzen, Cannesko Ikus-entzunezkoen MIPTV Azokan erosi ditu eskubideak. Azoka horixe da munduko garrantzitsuenetako bat, eta Euskal Herriko hamaika enpresa ari dira bertan parte hartzen, Basque Audiovisualen bitartez. Dagoeneko ETBk eskaini duen “Urteko Egutegia” saioa lehiaketa bat da; bertan, hainbat taldek ahalik eta argazki erakargarrienekin egutegi bat osatzeko lehian jarduten dute. 

Saio hau erosi izanak agerian uzten du zer-nolako interesa piztu duen euskal produktuen katalogoak Cannesen dauden enpresa ekoizle eta banatzaileen artean. Beraz, formatuak, Pausokak ekoitzitako “Iruzurtia-El Impostor” esaterako, eta dokumental historikoak izan dira, orain artean, Basque Audiovisualen erakusmahaian izandako mundu osoko profesionalek bereziki bilatu dituzten produktuak. Erakusmahai horretan, bestalde, nabarmentzekoa da Idem-ek aurkeztutako “Rolanden Kanta” (“La Chanson de Roland”) lan historikoa.

Euskal Herriko hamaika enpresak hartu dute parte, hain zuzen, Cannesko Azoka honetan: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Expressive Media Projects, Idem 4, JSB Multimedia, Mediabask, Pausoka, Retelsat, Silverspace Animation Studios eta Sonora Estudios-ek. Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren ekimenari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari esker, enpresa horiek guztiek aukera izango dute beren produktuak sektoreko eragile nagusiei eskaintzeko; hain justu, apirilaren 16ra arte, egun horretan amaitzen baita Azoka.

"Azoka hau termometro ezin hobea da eduki digital eta ikus-entzunezkoen arloan oraintxe dauden joerak neurtzeko. Oraindik ere sumatzen dira krisialdiaren eraginak; halere, hemen egotea ezinbestekoa da euskal enpresen produktuak aurkeztu ahal izateko", azaldu du Itziar Mena Eikeneko zuzendariak. Dokumental historikoez eta formatuez gainera, BaleukorenAnimatik” lanak ere interes handia piztu du Basque Audiovisualen erakusmahaian. Animazio software bat da, denbora errealean; eta honi esker, pertsonaia birtualak bere solaskidearekin berehalako elkarreraginean jarduteko aukera izango du.

Prentsa oharra

Data:2010/04/14 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa