BERRIAK

3Koma euskal ekoizpen etxearen ‘Urteko egutegia’ formatua izan zen Cannesko MIP Azokan TF1 kateak egindako apustu handia

TF1 frantziar kateak hitzarmen garrantzitsu bat sinatu zuen Eikeneko kidea den 3Koma-rekin (‘Kartzelako abesbatza’, ‘Itzuli …..rekin’), euskal ekoizpen etxe horrek asmatutako ‘Urteko egutegia' lana ekoizteko. Frantziar kateak formatu honen bertsio bat txertatu nahi du, bere Gabonetako programazioaren barneko saio berezi moduan.

Egokitzapen batzuen ondoren, ‘Urteko egutegia’ zuzeneko ikuskizuna izango da. Bertan, 6 taldek euren buruak biluztuz jardungo dute lehian, arrazoi on baten harira.   

Ateratako argazki erakargarriek hainbat adituk osatutako epaimahaia limurtu beharko dute, eta baita ikus-entzuleak eurak ere; izan ere, ikus-entzuleek gustuko taldearen alde bozkatu beharko dute. Talde irabazleak 50.000 euro jasoko ditu, bere aukerako ongintzazko proiektuari emateko.

  

Coyote galiar ekoizpen etxea arduratzen da nazioarteko saio arrakastatsuak Frantziarako egokitzeaz; besteak beste, ‘Ondasunen erruleta’ edo ‘Infernuko horma’. Oraingoan ere, ekoizpen etxe horixe arduratuko da ‘Urteko egutegia’ saioaren bertsio berria asmatzeaz.  

Laetitia Lamik, Coyote ekoizpen etxeko garapen eta eskuratzeen zuzendaria, oso pozik agertu da proiektuarekin: “Ongintzazko egutegien kontua puri-purian dago Frantzian. Ideiaren berri izan genuenean, berehala ohartu ginen ikuskizun bikaina zela TF1 katerako”. Helburu garbia dute: “Plato erraldoi eta jostalari batean, herrialdea biluztuko dugu”. Bestalde, Ruth Martínezek, 3Komako zuzendari komertzialak, baikortzat jo du formatu honek nazioarteko merkatuan izan duen ibilbidea: “Egutegia inoiz baino biziago dago. TF1 kate garrantzitsuak honen aldeko apustua egin duenez, herrialde askoren interesekoa da orain. Hedapena hasi besterik ez da egin”. 

Saio hau arrakastatsua izan da beste herrialde batzuetan ere; Holandan, Errumanian edo Belgikan, esaterako. Beraz, nazioartean gehien hedatu den espainiar formatuetako bat dela esan genezake.

 

Data:2010/04/26 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa