BERRIAK

'Goenkale'k 3.000. atala grabatu du jada bere jarraitzaileen parte hartzearekin

Joan den ostiral honetan, 'Goenkale' telesailak 3.000. atala grabatu zuen. Urtemuga berezia izaki, grabaketak hainbat berezitasun izan zituen: telesailaren jarraitzaileek 'streaming' bidez ikusteko aukera izan zuten estreinatu berri den webgunean. Telesail honen ekoizpenean eta emankizunean aspalditik dihardute ETBk eta Pausokak, Eikeneko kideak biak.

Goizeko 08:30ean hasi zen 3.000. atalaren grabazioaren emankizuna, telesaileko aktoreak Miramonera iritsi ziren unean. Grabazio egun baten gorabehera guztiak erakutsi nahi izan zituzten eta horrexegatik 14:45ak arte lan nola egiten den ikusteko aukera izan zen. Horretaz gain, telesaileko aktoreek Facebook eta Twitter bidez (#goenkale) egindako galderak erantzun dituzte goizean zehar.

Ostiral honetakoa abiapuntua besterik ez zen izan. Urtemugaren aitzakian, 16. denboraldia amaitu bitartean hainbat ekimen burutuko dira: apustu edo desafio bereziren bat, lehiaketak eta festa handi bat, ekainaren 29an, Bilboko egoitzako Multibox gelan, uztailaren 5ean emitituko den atalaren aurrestreinaldia izango dena.

Bestalde, webgune berria estreinatu du 'Goenkalek'. Besteak beste, telesailaren lehen atala zintzilikatu dute eta arrakasta handia izaten ari da. Lehiaketa bat ere topa daiteke web gune berrian: argazkian agertzen den telesaileko pertsonaia nor den asmatu behar da. Asmatzen duten guztien artean ekainaren 29an EITBren Bilboko egoitzan ospatuko den 3.000 atalaren aurre-estreinaldira gonbidapenak zozketatuko dituzte. Horrez gainera, web gunean astelehen eta asterteko 'Goenkaleko' atalak zuzen-zuzenean 'streaming' bidez ikusteko aukera eskaintzen du.

Drama, komedia eta intriga nahasketa da telesailaren arrakastaren giltzarrietako bat. Euskal aktore harrobi emankorra ere izan da 'Goenkale'a. Urte hauetan 400dik gora aktorek hartu du parte bertan, eta gizarte eta kultur arloko pertsona ezagunak ere agertu dira tarteka: sukaldariak, kirolariak, telebista aurkezleak, musikariak, idazleak, bertsolariak...

Data:2010/05/03 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa