BERRIAK

Sonora Estudioak musika grabatzeko zerbitzu berria merkaturatu du, zinemari, bideojokoei eta diskoetxeei begira

Gasteizko Sonora Estudioak, Eikeneko kidea, negozio arlo berri bat eratu du: SMS (Sonora Music Services). Musika grabatzeko zerbitzu osoa eskaintzea da helburua, eta batez ere, zinemaren, bideojokoen eta musikaren industriekin lotutako premiak estaltzea bilatzen du.

Sonora Estudioak, hain zuzen, zuzeneko soinuak grabatzeko, gela efektuak grabatzeko, soinuaren produkzio ondokoa egiteko eta bideoaren edizio lana egiteko zerbitzuak eskaintzen ditu. Era berean, zinemaren eta bideoaren ikus-entzunezko ekoizpenean ere badihardu. Orain, berriz, negozio arlo berri bat sortu du: SMS (Sonora Music Services). Bideojokoen eta diskoetxeetako ekoizleen industria ere arlo interesgarriak dira beretzat. Dagoeneko abian du arlo berri honetako lehenengo lana. Hain zuzen ere, Reader's Digest argitalpen estatubatuar ezagunaren musika zerbitzuen atalerako ari da lanean; izan ere, aurreko urtarrilean Cannesen egin zen Midem nazioarteko azokan jarri ziren harremanetan Gasteizko enpresa eta enpresa estatubatuarra.

Reader's Digestekin sinatutako kontratuaren oinarrian, 30 musikarik osatutako talde sinfonikoarekin zinemarako musika grabatzeko lana dago. Grabaketa lan hori, hain justu, maiatzaren 16an egingo da, Gasteizko Udal Kontserbatorioan. Sonora Estudioak bere bizkar hartu ditu proiektu horren ekoizpen fase guztiak. Era honetako proiektuak gauzatuta, ikus-entzunezkoen industriarako musika grabatzeko erreferente bilakatu nahi du Sonorak.

Data:2010/05/14 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa