Vilauk, Eikeneko bazkideak, norako turistikoak kudeatzeko sistema, DMS izenez ezagutzen dena, ezartzeko proiektuan parte hartu du, Costa del Soleko Turismo Patronatuarekin batera. Sistema norako turistikoa hautatzeko esku hartzen duten fase guztiak jasotzeko diseinatua dago; izan ere, informazio turistiko guztia biltzen du, eta erreserbak egiteko nahiz zerbitzuak kontratatzeko aukera ematen du denbora errealean.
Vilauk turismo sektorerako irtenbide berritzaileak merkaturatzen ditu. DMS sistemaz gain, ikus-entzunezko sareko gidak edo webTBak eskaintzen ditu, besteak beste. Gaur egun, Philadelphiako Turismo Patronaturako ari da lana egiten Estatu Batuetan, Philadelphia TV telebista katea martxan jartzeko.
Vilauri esleitutako sistema horren bidez, norako turistikoak osorik kudeatu daitezke, eta sektore publikoko nahiz pribatuko eragile guztien arteko elkarlana sustatzen da. Horrela, baliabide turistikoen hornitzaileek parte hartzeko aukera izango dute, eta produktuak sustatzeko salmenta bide bat izango dute.
Gainera, sistema nazioartean ezartzen ari da, batez ere, Britainia Handiko merkatuan --Liverpool, Lancashire, Bath eta Brighton --, non “ezinbesteko” laguntza bihurtu den norako bati buruzko informazio turistikoa sustatzeko. Hain zuzen ere, Vilauk nabarmendu du hilero milioi bat librako balioko erreserbak kudeatzen dituztela eta atariak bi milioi bisitari bakar baino gehiago jasotzen dituela.
Kanal anitzeko plataformak –web mugikorra, kiosko elkarreragileak, telebista— bezeroak kudeatzeko sistema bat du, bulego turistikoen, ‘call center’-en edo interneten bidez informazioa eskatzen duten bisitarien datu guztiak biltzen dituena. Horrek guztiak segmentatutako kanpainak egitea errazten du hainbat tresna erabilita, hala nola posta elektronikoen zerrendak edo sareko buletinak.
Orain, enpresa Costa del Soleko web atari berriaren diseinu grafikoa eta garapen teknikoa egiten ari da, eta, bertan, ‘turismo gune ospetsu horren esentzia eta nortasuna islatuko du’.
Data:2010/05/21 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.