Gastronomia eta ikasleen bizimodua uztartzen dituen 'ErrezEta ikasiz / EsTuDia, tu receta' saioak irabazi du, hain zuzen, EikenBANKen III. Edizioko lehenengo saria. Erika Elizari, Beñat Gereka eta Alaitz Anabitarte UPV/EHUko ikasle gazteen ideia gailendu da 67 proiektuen artean. Hala, 4.000 euro jaso dituzte eskuan, eta antzeko balioko beka bat, euren ideia Baleuko ekoizpen-etxean lantzeko.
Hementxe hasiko du, beraz, bere ibilbidea 'ErrezEta ikasiz' saioak. Lehenik eta behin, Baleukok era profesionalean ekoitziko du, eta ondoren, ETBn emango dute. Hori horrela izango dela jakinda, EikenBANKeko epaimahaiak, herrialdeko ekoizpen-etxe nagusietako profesional adituek osatutakoak, ideiaren originaltasuna eta merkatuan izan dezakeen bideragarritasuna hartu ditu aintzat.
Era berean, EikenBANKeko epaimahaiak hiru aipamen berezi egin dizkie beste hainbeste proiekturi: doku-reality onenaren saria Patrick Guisasolari eman dio, 'Bailando con el abismo' ('Amildegiarekin dantzan') lanagatik; 'pitching' onenaren saria Leire Gómez, Arrate Egaña, Oier Martínez eta Santos Ruedari eman die, '15-25' lanagatik; eta telebistako saioetarako gidoirik onenaren saria, berriz, Ibai Gómezi, 'Nor da hemen bahitua?' lanagatik. Ibai Gómezek, halaber, aurten lehenengo aldiz eman duten BBK Beka jaso du.
EiTBk Bilbon duen egoitzan egindako jaialdian ezagutarazi dituzte sariak. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendari Mikel Toral eta Eikeneko presidente Juan Mari Gurrutxaga izan dira ekitaldiko buru.
Data:2010/06/21 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.