Datorren astelehenean, uztailak 5, Pausokak ekoitzi eta ETB 1-ek, biak Eikeneko kideak, emititzen duen 'Goenkale' telesailaren 3.000 atala ikusi ahal izango da gaueko hamarretatik aurrera. Horrez gain, urtemugarako propio Jabi Elortegik egin duen dokumentala ere emango da, non urte hauetan zehar telesailean parte hartu duten antzezleen adierazpenak batzen dira. Lehengo eta oraingo aktoreen lekukotasunak kateatuz 'Goenkale'ren 16 urteotako historia osatu du Elortegik. Beste proiektu batzuetan murgildu diren aktoreak: Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Miren Ibarguren, Alberto Berzal...; oraindik 'Goenkale'n dihardutenak: Iñigo Larrinaga, Ainhoa Aierbe, Joseba Usabiaga, Jose Kruz Gurrutxaga...; pertsonaia kutunak hezurmamitu dituztenak: Maite Bastos (Margari) eta Arantxa Gurmendi (Hortentsi); Perurena aita-semeak, Anabel Arraiza... Bakoitzak bere esperientzia gogoratu du, grabazioak nolakoak ziren, ikus-entzuleen artean izandako harrera, bitxikeriak...
Horrez gain, joan den ekainaren 28an, ETBko egoitzan telesailak ekitaldi batekin ospatu du 3.000 atala bete izana. 16 urteotan lanean aritutako aktore eta profesionalak Bilboko egoitzako Multibox aretoan bildu ziren une gogoangarria elkarrekin ospatzera. EITBren Bilboko egoitzan izan ziren, besteak beste, Ainhoa Aierbe, Aintzane Gamiz, Aitor Beltran, Ane Aseginolaza, Anuska Lasa, Arantxa Gurmendi, Asier Hormaza, Fede Badiola, Felix Arkarazo, Idoia Uranga, Ikerne Goikoetxea, Iñaki Beraetxe, Iñaki Perurena, Itziar Gomez, Itziar Ituño, Jon Gaubeka, Joseba Olagarai, Jox Berasategi, Joxe Cruz Gurrutxaga, Susana Soleto, Kepa Errasti, Kiko Jauregi, Loli Astoreka, Maite Arrese, Maite Bastos, Manex Rekarte, Manu Elizondo, Mikel Laskurain, Miren Gojenola, Naroa Agirre, Olatz Beobide, Reyes Moleres, Teresa Calo, Tessa Andonegi, Txema Regalado eta Zorion Egileor.
Telesail beteranoena
Euskal Telebistarentzat Pausokak ekoiztutako telesailak 1994ko urriaren 3an ekin zion bideari. Erronka handia izan zen ETBrentzat proiektu hau martxan jartzea, eguneroko fikziozko telesaila egitea hain zuzen ere. Drama, komedia eta intriga nahasketa da telesailaren arrakastaren giltzarrietako bat. Euskal aktore harrobi emankorra ere izan da 'Goenkale' telesaila. Urte hauetan guztietan 400dik gora aktorek hartu du parte bertan, eta gizarte eta kultur arloko pertsona ezagunak ere agertu dira tarteka: sukaldariak, kirolariak, telebista aurkezleak, musikariak, idazleak, bertsolariak...
2007an ATV Telebista Zientzien eta Arteen Akademiak, bere hamargarren urteurreneko galan, Bizitza Luzeenaren Sariarekin gailendu zuen 'Goenkale'. Telebistaren historiako fikziozko telesail luzeena eta hamarkada horretan Euskal Telebistako saiorik nabarmenena zela nabarmendu zuen ATVk. Halaber, 2003an Mañe i Flaquer Kazetaritza sariak emandako aipamen berezia lortu zuen Tarragonako Torredembarra herrian, kulturaren esparruan egindako lanagatik.
Data:2010/06/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.