BERRIAK

Oihana Jauregik aurkeztuko du Elhuyar Fundazioak ekoitzi eta ETBk ematen duen 'Teknopolis' saioa

Aldaketa eta tarte berriekin dator 'Teknopolis' Elhuyar Fundazioak Euskal Telebistarentzat ETB (biak Eikeneko kideak) ekoizten duen zientzia eta teknologia saioa denboraldi honetan. Aurkezle berria izango du, Oihana Jauregi, eta eduki aldetik ere ohiko elkarrizketa eta erreportaje sakonez gain, bi atal berri izango ditu denboraldi honetan.

Edukiei dagokienez, bi tarte berri izango ditu saioak: K-TEK eta Gertutik. K-TEK atala kirolari ezagun batek aurkeztuko du, eta kirolari horrek egiten duen kirolean erabiltzen den teknologiaren bat erakutsiko da. Gertutik atalean, berriz, zientzilari bat aurkeztuko da eta bere lanaren, dituen motibazioen, bere ingurunearen... berri emango da. Bi atal hauek hamabostean behin izango dira.

Gainontzean, 'Teknopolis'eko bizkarrezurrari eutsiko zaio, erreportajeei hain zuzen ere, eta tarteka elkarrizketak eta monografikoak egingo dira ere. Iazko arrakasta ikusita, argazki-lehiaketaren edizio berri bat abiatuko da, eta hilero zientzia eta teknologiarekin zerikusia duen argazki onenarentzako ordenagailu ultraeramangarri bat emango da. Aipatu beharra dago iaz 1.000 argazkitik gora jaso zirela.

Babesleen laguntzarik gabe ez litzateke posible izango 'Teknopolis' saioa, eta hauek izango dira edizio honetakoak: Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ikerbasque; Euskal Herriko Unibertsitatea; Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Mondragon Unibertsitatea.

'Teknopolis' saioa urriak 3, igandean, jarriko da abian. Igandeetan 11:00etan ETB-2n emango da eta 15:15ean ETB-1en. Asteazkenean izango da berriro ikusgai ETB-3n 23:00etan.

Informazio gehiago

Data:2010/10/05 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa