BERRIAK

Basque Audiovisual markaren standa Cannesko MIP azokan, funtsezkoa Pausokaren "El impostor" reality-lehiaketaren eskubideak atzerrian saltzeko

Basque Audiovisual markaren standa ikus-entzunezkoen munduko azoka garrantzitsuenetako batean, Cannesko MIP azokan hain zuzen, funtsezkoa izan da Pausokaren 'El Impostor' reality-lehiaketaren eskubideak Herbeheretako Talpa Media enpresa liderrari saltzeko. Bi enpresen arteko lehen hartu-emana MIPCOM azokaren azken edizioan izan zen, Basque Audiovisual markaren standean, eta duela egun batzuk itxi da azkenik nazioarteko eskubideen salmenta. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak elkarlanean dihardute euskal ikus-entzunezkoak bultzatu, hedatu eta sektoreko atzerriko azoka garrantzitsuenetan ezagutarazten, eta salmenta hau ahalegin horren emaitza dela esan daiteke. Aurten Euskal Herriko zortzi enpresa izan dira MIPCOM azokan, Basque Audiovisual markaren babesean, atzerriko bezeroekin harremanetan jartzeko asmoarekin. Pausokaz gainera, 3Koma, Baleuko, Expressive, Mediabask, Silverspace, Sonora eta Somuga ere izan dira aipatutako markaren standean.

Berrikuntza modura, Basque Audiovisual markaren arduradunek 'matchmaking' bat antolatu zuten urriaren 4tik 8ra egin zen MIPCOM azokan, euskal enpresei beren produktuak ezagutarazten laguntzeko Cannesera hurbildu ziren enpresa eta profesionalen artean. Atzerriko hainbat konpainiatako 20 ordezkarik baino gehiagok hartu zuten parte 'matchmaking' horretan.

'El impostor'
Reality-lehiaketa honetan, pertsona gonbidatu batek asteburu bat igarotzen du familia batean, eta bere eginkizuna da asmatzea nor den familia horretako 'inpostorea'. Azken honek, bere rola prestatzeko (familiako kideren baten ordez aritu ahal izango da edo existitzen ez den rol bat beteko du), egun batzuk igaroko ditu familia horretan, elkar ezagutzeko eta familiaren martxara egokitzeko. Gonbidatuak inpostorea nor den asmatzen badu, saria irabaziko du; bestela, familiaren eta inpostorearen artean banatuko da. Astero familia berri batek, inpostore berri batek eta gonbidatu berri batek parte hartuko dute saioan. 

Prentsa oharra

Data:2010/10/15 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa