BERRIAK

Tabakalerako bideo korporatiboa, Cannesen saritua

'Ibilitako bidea', Morgan Creativos ekoiztetxeak Tabakaleraren eskariz egindako bideo korporatiboa Cannes Corporate Media & TV Awards Jaialdian zilarrezko Izurde batekin saritua izan da. Rosa Zufia Tabakalerako Komunikazio zuzendariak jaso du saria bart Canneseko Majestic Hotelean ospatu den sari banaketa ekitaldian.

Bideo hau 2010an egindako lana da, Tabakaleraren iragana, oraina eta etorkizuna irudi eta testigantza bidez erakusteko helburuarekin sortua. Bideoak Tabakalerako proiektu kulturalaren eta berritze arkitektonikoaren ardatz nagusiak azaltzen ditu eta azken urteotan egindako ibilbidearen errepaso zabala egiten du. Horretarako proiektuarekin nolabaiteko harremana izan duten hainbat eta hainbat pertsonen parte hartzea eta testigantzak baliagarri izan dira. Euren lekukotzak eskaini dituztenen artean denetariko pertsonak aurki ditzakegu: Joxean Muñoz, Tabakalerako zuzendari ohia, sortzaileak (Julian Schnabel, Pe Lang, Xabier Erkizia, etab.), zinegileak (Jim Jarmusch, Isabel Herguera, Koldo Almandoz, etab.), kultur eragileak (Lourdes Fernández, Bartomeu Marí, Vicente Todolí, Bernard Serexhe, etab.), tabako fabrikako langile ohiak eta proiektu kulturala garatu eta eraikitzeko prozesuan antolatu diren jardueretan eta lantaldeetan parte hartu duten pertsonak.

Cannes Corporate Media & TV Awards Jaialdiaren lehenengo ekitaldia izan da aurtengoa. Filmservice Internationalek antolatutako ekimenaren helburua ikus-entzunezkoen alorrean gertatzen ari diren eraldaketek dakartzaten erroka eta exigentzia berriei erantzutea da. Film eta bideo korporatibo eta instituzionalak eta telebistarako egindako lanak dira euren interesgune nagusia.

Informazio gehiago

Data:2010/10/19 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa