Eikenek Euskadin profesional ez den talentua identifikatu eta bertan mantentzeko asmoa duen proiektu berritzailea martxan jarri du. Egitaraua hautagaiak www.eikenbank.com webgunearen bitartez aurkeztuko dituzten lanen aukeraketa baten inguruan egituratuko da.
Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere proiekturik berritzaileena jarri du abian. Klusterraren kudeatzaileek eta bazkidetutako enpresek gogo handia izan dute proiektu hau martxan jartzeko, Elkartea duela lau urte sortu zenetik. EikenBANK bazkidetutako enpresetatik diseinatutako ekintza berritzailea da, zeinen helburu nagusia baita sortzaile gazteen talentu ez-profesionala Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresekin harreman zuzenean jartzea, lankidetza horri esker produktu lehiakor berriak sor daitezen Euskadiko ikus-entzunezkoen esparrutik. Era berean, EikenBANKen helburua da sorkuntzarako talentua Euskadin gera dadin lortzea.
Programa honetan, ikus-entzunezko proiektu originalen bat duten gazte sortzaileek har dezakete parte, baldin eta ez badaude edukien esparruko sektoreko enpresekin lanean edo lankidetzan, modu profesional eta jarraituan. Programaren oinarriak eta prozedura osoa webgune batean dago jasota, zeinen bitartez ekimen osoa artikulatuko baita (www.eikenbank.com).
EikenBANKek proiektu bat hautatu eta sarituko du, eta proiektu hori programan parte hartzen duten ekoizpen-etxeetakoren batek edo batzuek garatuko dute profesionalki. Azken urrats gisa, proiektua EiTBn emitituko da. Era berean, programa honetatik beste lankidetza osagarri batzuk sortu ahal izango dira sorkuntzarako talentuaren eta Euskadiko ekoizpen-etxeen artean. “Ikus-entzunezko produktu bat garatzeak oso ahalegin ekonomiko handia eskatzen du. Helburua da talentua edo sormena aurkitzea, eta daukan ideia hori egia bihurtzeko aukera ematea; gainera, bere produktua profesionalekin batera gainbegiratu ahal izango du. Proiektua bera baino, gehiago bilatzen dugu pertsona; izan ere, pertsona horiek Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorearen barruan mantendu nahi ditugu”, azaldu zuen Eikenen zuzendaria den Itziar Menak.
Bideragarritasun komertziala
EikenBANK irekita dago ikus-entzunezko produktuetarako proiektu, gidoi, maketa edo pilotuetara (telebistako saioak; esate baterako, telesailak, lehiaketak, magazinak edo realityak, animazioko produktuak, dokumentalak, multimedia edukiak…), baldin eta EikenBANK programaren barruan egituratutako formularioaren arabera aurkezten badira. Hori horrela, programaren arduradunek proiektuen originaltasuna eta bideragarritasun komertziala baloratuko dute, batez ere.
Programan parte hartzen duen ekoizpen-etxeren batek edo gehiagok modu profesionalean garatuko du proiektu irabazlea, eta, gainera, 4.000 euroko saria izango du. Gainera, EikenBANKek zabalik uzten ditu ateak, aurkeztutako beste proiektu batzuek ere aukera izan dezaten modu profesionalean garatuak izateko, baldin eta ekimen honetan inplikatutako ekoizpen-etxeek hala erabakitzen badute. Hauek dira enpresa horiek: 3Koma, Baleuko, Bilbovision, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka.
Babes instituzionala
Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako proiektuak babes instituzional handia dauka. Izan ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta Kultura Sailaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortu du, bai eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Berrikuntza Sailen, SPRIren eta Bilboko Udalaren babesa ere. Izan ere, instituzioek modu positiboan baloratu dute elkarren lehian aritzen diren enpresak –Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko garrantzitsuenak– proiektu batean elkartu izana, profesionala ez den talentuaren aldeko proiektu bat bultzatzeko.
Gainera, EikenBANKek beste zenbait babes ere baditu: BBK (Gazte Lanbidean Fundazioaren bitartez), UPV/EHU, Mondragón Unibertsitatea eta Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolarena (Escivi). Hori horrela, dagoeneko proiektua aurkeztu zaie Leioako UPV/EHUko Arte Ederretako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko fakultateetako ikasle unibertsitarioei, bai eta Mondragón Unibertsitatean eta Escivin ikus-entzunezkoarekin lotutako karrerak egiten ari diren ikasleei ere.
Lanak aurkezteko epea otsail amaieran ireki zen, eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik.
Data:2008/03/12 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.