BERRIAK

EikenBANK profesionalak ez direnen talentua erakartzeko programaren 4. edizioan parte hartzeko epea zabalik

Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANK programa jarri du abian aurten ere, laugarren urtez. Programaren helburua, hain zuzen, profesionalak ez direnen talentua lortu eta enpresa mundura hurbiltzea da. Horrenbestez, urtarrilaren 15etik apirilaren 30era bitarte www.eikenbank.com webgunea zabalik egongo da, gazte sortzaileek telebista saioetarako proiektuak eta ideiak bidal ditzaten.

Programaren helburu lehena, hain zuzen, sektoreko enpresen eta gazte sortzaileen arteko elkarreragina sustatzea da; eta xede hori erdiesteko, aurreko urtearekin alderatuta, hainbat berrikuntza dakartza. Batetik, ideia onenak 2.000 euro eta 4.000 euroko balioa duen prestakuntza beka jasoko ditu; hala, ideia horren arduradunak profesionalki garatu ahal izango du bere proiektua laguntzaileak diren ekoizpen etxeetakoren batean.

Bestetik, aurreko edizioetan aurkeztutako proiektuek erakutsitako geroz eta kalitate handiagoa dela tarteko, 2.000 euroko beste bi sari ere emango zaizkie bigarren eta hirugarren tokian geratzen diren proiektuei. EikenBANKek, gainera, estatuko ikus-entzunezkoen azoka garrantzitsu batean aurkeztuko ditu bi proiektu horiek; hartara, litekeena da ekoizpen etxeren baten interesekoa izatea, eta azkenean, profesionalki ekoitzi ahal izatea.

Hiru sari nagusi horiek, ordea, ez dira bakarrak. Gainerako parte hartzaileek programan parte hartzen duten enpresekin zuzeneko “Face to Face” topaketak eduki ahal izango dituzte, eta bide horretatik, gazteen eta enpresen arteko elkarreragina sustatuko da. Ekimen honek arrakasta handia izan du aurreko edizioetan, eta hain justu, sariak banatzen diren egunean bertan egin ohi da (aurreikusita dagoenez, ekainaren lehenengo hamabostaldian izango da aurten).

Parte hartzeko sistema oso erraza da. Ikus-entzunezko proiektu original bat daukan zeinahi gazte sortzailek har dezake parte; betiere, baldin eta ez badabil lanean edo denbora luzean modu profesionalean lankidetzan sektoreko enpresaren batekin, edukien arloan. Web orri batean daude bilduta programaren oinarriak eta prozedura osoa (www.eikenbank.com), eta horren arabera dago egituratuta ekimen guztia.

Data:2011/01/19 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa